Mundu bat Ibarran

Gehienok lehendabiziko aldiz entzun genituen hamaika herri eta hiriren izen horiek. Google Earth -en bilatu eta biraka hasten zen munduko bola jangelako paretan, aldetik aldera, Nikaraguatik Pakistanera, eta Marokora gero; Honduras, Nigeria, Mendebaldeko Sahara… Elkar ezagutzea genuen helburu. 18 ginen.

Etxea atzean uztea ez da erraza inorentzat, ez eta Ibarrara iristea ere. Bidean zeharko oztopo eta mehatxuak ugariak dira eta. Te zurruta eta pasta gozoen artean, elkarri entzun genion: «Pakistandik Moskura jo nuen eta, handik, Berlinera trenez. Nola? Paperik gabe, jakina. Gehienok bezala», batek. «Hamabi egunez atxilotu ninduten Parisen eta anaiak 1500 euro helarazi zion Polizia barruko mafia bati atera ahal izateko», albokoak. Gerta liteke Erdialdeko Amerikako paradisu batean jaiotzea -turismo agentziek iragartzen duten horietako batean- eta alde egin behar izatea. Paradoxa dirudi, baina ez da: turistek baino ezin dute bertan bizi. Gerta liteke ere errefuxiatu gune batean jaiotzea, basamortuaren erdian, eta egoera hobetzeko perspektibarik ez izatea epe motzean nahiz luzean. Nikaraguan egoera «kritikoa» zela entzun genuen, eta Nigerian, eta Punjaben… Jakina da han edo hemen jaiotzea loteria hutsa dela, baina hitzok maizago errepikatu beharko genizkioke gure buruari.

Ibarran dira denak orain eta ibartar bilakatu dira, hautuz eta gogoz. «Gure gurasoak» kategoria horretan ere sartzen dira. Ikastola ez da inoiz hain aberatsa izan.