
Haur Hezkuntza
Haur Hezkuntzan (2-6 urte) ERAIKIZ proiektu pedagogikoa dugu. Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela oinarri hartuta eta munduaz ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita, ikasleen ongizatea eta garapen globala ditugu lehentasun. Gure proiektuan, haurra da bere ikasketen protagonista, bere gaitasunak garatuko dituena eta bide horretan, nola ez, helduon laguntza jasoko duena.

Lehen Hezkuntza
Lehen Hezkuntza 6 eta 12 urte arteko haurrak biltzen dituen etapa da. Ikasleen garapen emozionala, soziala eta kognitiboa modu harmoniko eta global batean sustatzen dugu. Hezkuntza-eskaintza hau bi ziklotan antolatuta dago: LH 1-2-3 eta LH 4-5-6. Aurreko etapari jarraikiz, lehen zikloan ERAIKIZ proiektua dugu ardatz. Sei urteko ibilbide honetan, ikasleek aldaketa ugari bizitzen dituzte, kideekin harreman osasuntsuak eraikiz eta irakaslea bidelagun, bizitzarako beharrezkoak izango dituen oinarriak finkatzen joango da.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokion etapa da, 12-16 urte artekoa. Egun ditugun eta etorkizunean izango ditugun erronkei aurre egiteko gai diren pertsonak garatzen laguntzen dugu etapa honetan. Bertan, gertuko jarraipena eginez, ikasleek oinarrizko gaitasunak garatzeaz gain, bilakaera akademiko eta pertsonala ere lantzen dugu. Nerabezaroaren gora beherak eta ikasleen interesak kontuan izanda, garapenean laguntzeaz gain ikasleen orientazioan baliagarriak diren jakintzagaiak ere lantzen ditugu. Ikaskuntza konpetentzialean oinarrituta, talde-lana eta elkarlana sustatuz proiektuak garatzen ditugu, ikasleen gaitasun anitzak garatu ahal izateko.