Lehen Hezkuntza 6 eta 12 urte arteko haurrak biltzen dituen etapa da. Ikasleen garapen emozionala, soziala eta kognitiboa modu harmoniko eta global batean sustatzen dugu. Hezkuntza-eskaintza hau bi ziklotan antolatuta dago: LH 1-2-3 eta LH 4-5-6. Aurreko etapari jarraikiz, lehen zikloan ERAIKIZ proiektua dugu ardatz. Sei urteko ibilbide honetan, ikasleek aldaketa ugari bizitzen dituzte, kideekin harreman osasuntsuak eraikiz eta irakaslea bidelagun, bizitzarako beharrezkoak izango dituen oinarriak finkatzen joango da.
Uzturpe Ikastolan, Lehen Hezkuntzan (LH), gure helburu nagusia ikasleen garapen osoa sustatzea da. Eraikiz proiektuari jarraiki, sormena, manipulazioa eta egoera errealak oinarri hartuta, mundua ulertzeko oinarriak lantzen hasten gara, gertutasuna eta ikaskuntza esanguratsua ardatz izanik. Ikasle bakoitzaren behar eta interesetara egokitutako hezkuntza-esperientzia pertsonalizatua eskaintzen dugu, haurrak bizitzan behar duen konfiantza garatzea ahalbidetuz.
Haurrak bere adinkideekin sozializatzeko beharra sentitzen duen garai honetan, Ikastolak talde-lanean eta etengabeko harremanean jarduteko testuinguru ugari eskaintzen dizkio. Horretarako, pedagogiaren zerbitzura dauden espazio eraldatuak eskaintzen dizkiegu, haurrak elkarri lagundu eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten. Gainera, adin desberdinetako haurren arteko harremanak sustatzen ditugu. Hori lortzeko, berariaz diseinatzen ditugu ikas egoera ezberdinak; besteak beste LH 1-2-3n zirkulazio librea edo/eta euskaraz bizi saioak antolatzen ditugu, eta LH 4-5-6n, esperimentazioa eta sorkuntza ardatz hartuta, asteroko tailerrak eskaintzen dira.
Bestalde, gure ikastolan irteerek garrantzia handia hartzen dute. Batetik, lehen zikloan astero gure naturguneak baliatzen ditugu, haurren jakin-mina eta esplorazio sena asetzeko. Gainera, gaiarekin lotutako irteerek, arloarekin harreman zuzena izaten dute, haurren autonomia eta mugimendu beharra asetzeaz gain, harremanak aberasteko, hizkuntza garatzeko eta sormen gaitasunak lantzeko aukera paregabea eskaintzen dutelarik.
Gure proiektuaren helburua egungo gizartearen beharrei arrakastaz erantzuteko gai izango diren ikasleak heztea da. Horretarako, konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza sustatzen dugu. Ikasleek konpetentziak egoera errealei aurre eginez garatzen dituzte, eta horrek ahalbidetzen du gaitasun horiek bizitzako edozein esparrutan aplikatzea.