Hirurogeigarren hamarkadaren bukaera aldera euskararen aldeko mugimendu indartsua zegoen Euskal Herrian. Euskal gizarteak bizi zuen itxaropena epelduko zuen oztoporik ez zegoen garai gogor haietan. Hasiera hartan baliabide urri eta administrazioaren aldetik traba besterik ez izan arren, gizarte euskalduntzeko aurrerapausu garrantzitsuak eman ziren. Giro bero honetan sortu ziren Euskal Herriko ikastola ugari eta, nola ez, Ibarrakoak ere 1970ean eman zituen bere lehen urratsak.
Lehendabiziko gelak elizaren ondoan jarri ziren eta ikastolako lehenego andereñoa Bittori Olaetxea izan zen, makina bat oztopo izan zuen inspektorearen aldetik, ikastolaren legeztapena zela eta.
Haur guztiak mailaz maila mahaika antolatuta jartzen zituen gela batean, baina 1974ean haur gehiegi zirela eta, Roxario Lizarralde laguntzaile lanetan aritu zen.
1975ean bi gela zeuden eta Patri Zabala hasi zen lanean. 1976ean gela bat Zumen jarri zen eta Maite Olangua izan zen hurrengo andereinoa. 1977an jubilatuen azpiko gelak prestatu ziren.
Ikastolaren euskal senak eta pedagogiak Ibarrako herrian harrera bikaina izan zuen eta ordudanik ikastolaren sendotze bilakaera etengabea izan da.