Uzturpe Ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), gure helburu nagusia ikasleen garapen integrala bultzatzea da, gertutasuna eta ikaskuntza esanguratsua oinarri hartuta. Komunitatearen hurbiltasunari esker, ikasleek hezkuntza-esperientzia pertsonalizatua jasotzen dute, haien behar eta interesetara egokituta.
Tutoretza partekatuaren bidez, irakasle talde osoak ikasleen jarraipena eta orientazioa modu koordinatuan eskaintzen dugu familiekin elkarlanean. Horrela, ikasleen behar akademiko zein pertsonalak modu eraginkorrean artatzen ditugu.
Hainbat arlo uztartuz eta eguneroko bizitzarekin lotura duten diziplinarteko proiektuak garatzen ditugu ikaskuntza prozesua aberasteko. Proiektu hauen bidez, ikasleek konpetentzia desberdinak garatzen dituzte euren ingurunea hobeto ulertzeko eta eraldatzeko gaitasuna eskuratzeko tresna gisa. Ikaskuntza hau, ondoren, beste etapetako ikasleekin eta herriko beste eragileekin ere partekatzen da, komunitatearen parte sentitzeko eta esperientzia aberasgarriak bizitzeko aukera paregabea da eta.
Herrian dugun presentzia kontuan izanda, Uzturpe Ikastolan, ikaskuntza prozesua esanguratsua eta konprometitua izan behar dela ulertzen dugu, ikasleen beharretara egokitutako metodologiak eta erronka bidezko ikaskuntza sustatuz. Gure irakasleek ikasleen protagonismoa bultzatzen dute, autonomia garatzen lagunduz eta pentsamendu kritikoa sustatuz.