Haur Hezkuntzan (2-6 urte) ERAIKIZ proiektu pedagogikoa dugu. Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela oinarri hartuta eta munduaz ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita, ikasleen ongizatea eta garapen globala ditugu lehentasun. Gure proiektuan, haurra da bere ikasketen protagonista, bere gaitasunak garatuko dituena eta bide horretan, nola ez, helduon laguntza jasoko duena.
Uzturpe Ikastolan, Haur Hezkuntzan, haurra erdigunean jarrita, euren ongizatea eta garapen osoa ahalbidetzea dugu helburu. Eraikiz proiektuak haur bakoitzaren beharrei, interesei eta erritmoei erantzuteko hezkuntza-testuinguru aberats eta segurua eskaintzea du xede. Ongizate horren zutabe dira hezkuntza-prozesuko esku-hartzeak, eta honetan, hezitzaileak funtsezko papera betetzen du: haurraren senei sentikortasunez eta egokitasunez erantzunez, bere gaitasunak identifikatu eta balioetsiz, eta zailtasunak hautemanez haiei aurre egiten lagunduz.
Gure espazio ireki eta komunikatuetan, haurren jakin-mina eta autonomia sustatzen ditugu, berariaz diseinatutako material eta mikroespazio espezifikoen bidez. Horri esker, haurrak bere gaitasunak modu naturalean garatzen ditu, jolasaren bidez ikasiz. Halaber, adin desberdinetako haurren arteko harremanak sustatzen ditugu, elkarren artean laguntzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera eskainiz.
Ekintzan oinarritutako ikaskuntzaren aldeko hautua egin dugu, eta horren baitan kokatzen dira, zirkulazio libre saioak, tailerrak eta irteerak, haurren esperientzia aberasteko eta garapen osoa sustatzeko tresna gisa. Tailerrak anitzak dira, besteak beste, mugimendua, artea, musika eta esperimentazioa barne hartzen dituztenak. Familiek parte aktiboa dute prozesu honetan, ikastolako komunitatearen funtsezko osagai gisa.
Bestalde, asteroko irteerek, naturarekin harreman zuzena sustatuz, haurren autonomia eta mugimendu beharra asetzen dute. Naturguneetan esperimentatzeko aukera ematen diegu haurrei, ingurune ireki eta aberatsean beraien jakin-mina eta esplorazio sena asetzeko. Naturaren eskaintza baliatuz, harremanak aberasteko, hizkuntza garatzeko eta sormen gaitasunak lantzeko aukera paregabea eskaintzen dute.