Skip to main content

Zuwarako ikasleen esker ona

Lepokoak, apaingarriak, postre eta pintxo zoragarriak... Iragan martxoan hauek guztiak jarri zituzten salgai seigarren mailako ikasleek Ibarrako kaleetan. Jasotako dirua Libiako eskola batentzako izango zelarik, ekimenak berebiziko arrakasta izan zuen, eta ia 300 euro bildu ziren. Dirua iritsi da jada Zuwara herriko eskolara, eta argazki sorta nahiz bideo bat bidali dizkigute, eskerrak emanez. Diotenez, fotokopiagailu bat erosiko dute; horrek biziki lagunduko du ezer gutxi duen eskolan.

Ez da erraza bertako umeentzat. Duela zazpi urte gerra piztu zenetik, Zuwara herriko ikasleek oztopo ugariri egin behar izan diete aurre. Euren hizkuntza, amazigera, hamarkada luzez debekatuta izan zen, beraz, ezinezkoa zen bertako haurrentzat euren jatorriko hizkuntzan ikastea. Egun, Libian amazigeraz inoiz idatzitako lehen liburuak ekoizten ari dira, eta boluntarioak dira ikasgeletan aritzen diren irakasleak. Honako egoera ezaguna egiten zaigu oso gurean; izan ere, ikastolek halaxe eman zituzten beren lehen pausuak.

Lehen gerturatzearen arrakasta ikusita, Zuwara eta Ibarraren arteko harremana sendotuko delakoan gaude, elkarrengandik asko ikas dezakegu eta!

Libiako amazig eskolei buruz gehiago jakiteko:

http://www.argia.eus/argia-astekaria/2448/amazigera

Azken albisteak

Gure ikastolako txikienek tenperarekin esperimentatzeko aukera izan dute. Pintzelak eskuetan hartu eta kristalaren gainean margotuz, sormena eta irudimena lantzeko esperientzia aberasgarri eta dibertigarriaz gozatu dute.
´"Euskarari Puzka" udazkeneko kanpaina abiatu du Errigorak eta saskiak eskatu ahalko dira azaroaren 12ra arte.
Ikastolan arte-hezkuntzaren arloko eskaintza zabaldu nahi izan dugu aurten, ikasleei sormena, adierazpen artistikoa eta trebetasun praktikoak garatzeko aukera berriak eskainiz.
LH6.mailan “Mundua aldatzen ari da” proiektuan buru belarri gabiltza. Aldaketa hauen aztarnak ezagutzera etorri gara Zumaiara egun pasa.