Skip to main content

Piperraren prozesu osoa

Piperraren prozesu osoa gertutik ezagutu dute Uzturpe ikastolako gazteek. Uzturpe ikastolak eta 789 taldeak iaz jarritu zuten martxan Ibarrako piperrari lotutako proiektu bat; helburua, gazteak sentsibilizatzea da.Gustura ibili dira gaur eguerdian Ibarrako Uzturpe ikastolako DBH 4. mailako ikasleak piperren artean. Piperraren prozesua gertutik ezagutzea egokitu zaie, eta herriko produktu ezagunena eta zenbaitentzat goxoena dela kontuan hartuta, proiektu honetaz gozatzeko aukera izateagatik gustura daude ikasleak. Iazko ikasturtean abiatu zuten Uzturpe ikastolako DBH 3ko ikasleek proiektu hau. Orain beraiek landatutako uzta jasotzea egokitu zaie. Jaso, garbitu, sukaldatu eta potoratu. Bilketa prozesu osoa burutu dute gaurkoan.

Hala ere, ez dute jasotze prozesua soilik ezagutu. Iazko ikasturtean, Uzturpek eta Ibarrako 789 taldeak elkarlan bat abiatu zuten. Ibarrako taldearen helburuetako bat «piperra herriratzea» da Ander Lizaso kidearen esanetan, eta gazteekin egindako «sentsibilizazio» lan honen ondorioz helburu hori lortu dutela uste dute.
Maiatzean, San Isidro egunez, landatu zituzten 2.000 landare inguru Ibarrako zelai batean. Orduan, DBH 3ko ikasleak ziren 22 gazte aritu ziren taldearekin batera lan horretan. Iker Gibelalde Uzturpeko zuzendaria da, eta bere esanetan ikasleek piperraren prozesu guztia hain gertutik ezagutzea «oso garrantzitsua» da. Piperra Ibarrako produktu «nagusia» da, eta hortaz ez zuten inongo zalantzarik izan, proiektuaren proposamena aurkeztu zietenean: «Ikasleekin ere partekatu genuen ideia, eta beraien jarrera oso positiboa izan zen. Oso pozik ibili dira bai piperrak landatzerakoan eta baita jasotzerakoan ere». Gainera, adin honetako ikasleak «kontzientzia hartzeko» adin egokian egon daitezkeela uste du Gibelaldek.
Gauzak honela, datozen urteetan ere  789 taldearen eta Uzturpe ikastolaren arteko elkarlanak martxan jarraituko du. Honela, herrian hain sustraitua dagoen Ibarrako piperra gizarteratzen eta sustatzen jarraituko dute. Ikasleak ere «oso gustura»

Zalantzarik gabe ikasleak izan dira gaurkoan, hala ere, gehien disfrutatu dutenak. Lanak banatzekoan ez da boluntario faltarik izan eta gauza berriak ikasteko prest agertu dira. 
Irene Aizpuru ikaslearentzat, esate baterako, proiektua «interesgarria» izan da: «Gauza berriak ikasi ditugu. Hemengo produktua da, eta nola landatzen zen ikusita neukan arren, nik ez nuen behin ere egin». Gainera, piperrak «asko» gustatzen zaizkiola onartzen du, eta hortaz, gaurkoan dastatzeko eta potoratzeko izan duen aukerarekin «gustura» agertu da.
Aitor Eraunzetamurgil ikaslearentzat, berriz, piperraren landaketa eta biltze prozesua ez da ezezaguna: «Ni bestela ere bastante aritzen naiz horretan». Baina, berari ere «gustatu» zaio proiektua, eta behin ere ikusi gabe zuenarentzat «ondo» dagoela iruditzen zaio.
Prozesua ezagutzen du, eta etxeko piperra ala ikastolakoekin landatutakoa hobeagoa ote den galdetutakoan, ez du inongo zalantzarik izan: «etxekoa hobeagoa da».

IKUSI BIDEOAhttp://www.28kanala.com/bideoak/azkenberriak/3085-uzturpe-ikastolako-gaztetxoek-landatutako-piper-uzta-jaso-dute

Azken albisteak

Gure ikastolako txikienek tenperarekin esperimentatzeko aukera izan dute. Pintzelak eskuetan hartu eta kristalaren gainean margotuz, sormena eta irudimena lantzeko esperientzia aberasgarri eta dibertigarriaz gozatu dute.
Ikastolan arte-hezkuntzaren arloko eskaintza zabaldu nahi izan dugu aurten, ikasleei sormena, adierazpen artistikoa eta trebetasun praktikoak garatzeko aukera berriak eskainiz.
LH6.mailan “Mundua aldatzen ari da” proiektuan buru belarri gabiltza. Aldaketa hauen aztarnak ezagutzera etorri gara Zumaiara egun pasa.
Ostiralero bezala, Argitxo bere bidaia bereziarekin hasi da! Haur Hezkuntzako ikasleek Argitxo txandaka eramango dute etxera , asteburua elkarrekin igarotzeko.