Pasar al contenido principal

EZ DADILA IKASTETXEA BIHURTU EUSKARAREN INGURUNE BAKARRA

 

Gure herrian ere pinuaren erretxina usaina eta paperaren kiratsaz bete
genituen sudur mintzak. Amak prestatutako bazkaria hartuta, ilara luzean goizean
goiz bizikleten argi izpien gidaritzapean hartzen zuen aitak beste lankideekin batera,
Lizartzatik Txaramarako papelerarako bidea. Ibaia eta errekak paper apar kiratsez
gainezka, gaur egun, airea kutsatzen zuten gure herriaren usain hura desagertu da,
egunero gure erreka egiten zen paper kolore desberdinaz azaltzen zen kutsadura ere
ahaztu dugu. Baina herri honek ere gure etxea izaten jarraitzen du. Garai hartan
eskola zen erdararen eremu bakarra.

Bizkarrean jarritako gurasoen eskuaz gure herriaren sustraiekiko
atxikimendua sumatzen dugu. Euskal Herrian, munduko edozein herritan bezalaxe
bertako sustraietatik eta bere nortasunari uko egin gabe edonorako prest ditugu
gure buruak. Euskaldunok ere gaur egun, norbaiten babesa behar dugu gure herriari
begirada bidera diezaiogun eta bere muinaz jabe gaitezen.

Istilu eta ezegonkortasunak galtzear den herriaren oraina irensten duenean,
nondik gatozen gogoan izan eta etorkizuna irabazi behar dugu. Haurtzaroaren
aberriaren sustraietan datza unibertsaltasun hegalen iturburua.

Martin Larralde itsaso zikina den ortzian ito zen modura, euskaldunok gaur
egun arantzak barrurantz dituen trikuari jarraiki geure burua zauritzen jarraitzen
dugu, noraezean galduak, elkar mokoka. Globalismoaren itsaso zikinak irentsitako
zerua irudikatzen dute Donostiako postal naif-a eleaniztasunaren turismoak edo
Ainhoako etxaurre bukolikoak igande goizeko meza ondoko ezkila dei abegikorrek.
Pinuen inbasioaz salbuetsita dauden Behe Nafarroako muinoen altzoan jasotzen
diren horma zuri, teila gorri artean, igande goizeko ezkila deien oihartzunen
sotiltasunean babes liteke zoriontasuna, agian. Galeretara kondenaturiko
hondamendiak Martin Larralderentzat negu hotz bateko ortzi urdin gardena, itsaso
zikina bihurtu zitzaion modura, gaur eguneko bizimodu birtualaren zurrunbilo
nahasia bortizki islatzen da gure garunetan.

Egunkaria irakurtzean, espazio-untzi bateko osagaia Euskal Herrian egina dela
jakitean, gaur egun harrotzen garen moduan, ez dakigu duela bost mende Elkanok
munduaren itzulingurua burutu zuen Victoria itsasontzia osorik Ondarroan eraikia
izan zela edota Ternuako balea bila Ipar Ameriketaraino iritsi ziren euskal
arrantzaleen tradizioan oinarrituriko jakinduriaz Elkanok munduaren bira arrakastaz
burutu zuela. Magalhaes eta beste jauntxoen gaindi, bere izena eman zion Hego
Ameriketako itsasarte arriskutsua igaro, aurkitu berriko Ozeano Barea amaigabea
zeharkatu eta espedizio buru portugaldarra Filipinetan bertakoek akabatua izan
ondoren, Elkanok hartu zuen espedizioaren lema.

Malakan itsasontziak urrea baino baliotsuago zen iltze espeziaz bete
ondoren, Afrikako lurmuturra pasatzean munduari itzulia emateko egitasmoari ekin zion.

Hasiera batean ez baitzen asmorik munduari itzulia ematea, espeziez biltegiak
bete eta espezie monopolioa zuten portugesekin topatu gabe joandako bidetik
itzultzea baizik.

Euskara munduko lehen itzulian hitz egin zen eta Elkano, Akurio bermeotarra
eta Pedro de Tolosa grumete tolosarrarekin batera beste hainbat euskaldunekin
talde erabakiorra osatu zuten. Itzulia osatu zuten artean 4 euskaldun, 4 greziar, 3
espainiar, bi italiar, bi portugaldar eta galiziar bat elkartu ziren. Tidoreko erregeak
hurrengo urteetan gaztelania, portugesa eta euskara bazekien negoziaketa
garairako, Ternuako indigenen pilgrima modura. Hogeigarren mende hasiera
inguruan Lizardik euskara jakite hegoez jaso izan zuen modura, denon harridurarako
Erdi Aroan dagoeneko puntako gaien merkataritzan euskarak bere tokia izan zuen.

Bizi garen bitartean gure baitan dugun ume horrek inolako
aurreiritzirik gabeko gaitasunaz bide berriak bilatzeko galdera sortak egiteko
inozentzia eta gure ezagupena etengabe elikatzeko grina elikatu behar du. Lizartzako
eskolan nire haurtzaroan eskola erdararen eremu bakarra zen modura, ez dadila
bihurtu ikastetxea euskararen ingurune bakarra, etorkizunean.

Nahikoa lan izango da eskuartean joera horri aurre egin eta euskara gure
herriko alor guztietan nagusitu eta normaltasunez erabili ahal izateko.
Berdinkeriaren zurrunbiloak ez gaitzala euskaldunok irentsi!

Felix Aiestaran Arotzena

 

Portadako irudia
Irudia
Felix

Azken albisteak

2023-06-01
Elikadura burujabetza, euskara eta auzolana korapilatu eta sustatzea da Errigoraren helburu nagusia, eta irailetik aurrera Uzturpeko jantokira bertako arroza, olioa, piperrak edota tomatea eakarriko dituzte, besteak beste.
2023-06-01
Tras tres años de interrupción, una vez más hemos tenido la oportunidad de celebrar Uzturpeguna. Desde aquí también queremos daros las gracias a todos los que os acercasteis a celebrar con nosotros este día tan especial....
2023-06-01
Los alumnos de LH4, hicimos una escapada de dos días al albergue Txurruka de Orio. Allí vivíamos momentos inmejorables juntos y tuvimos la oportunidad de ir conociéndonos más. Todas las fotos aquí.
2023-05-16
Los días 10 y 11 de mayo se celebraron en Alsasua los encuentros PIZTU JAKINMINA. Los encuentros de este año han tenido lugar bajo el paraguas del juego de palabras ko-laborantza, donde varias ikastolas nos han contado su...