Lehen Hezkuntza

ORDUTEGIA

9:00etatik 12:30era eta 14:30etatik 16:30etara

Goiz txokoa: 7:30etatik irekita 

 

EKI PROIEKTUA

EKI proiektuaren gauzaketa prozesua euskal curriculumaren garapenaren baitan ulertzen dugun prozesua da. Ohikoa den modura, hiru zehaztapen-maila bereizten dira, baina maila horiek zehazteko eran berrikuntza nabariak daude. Berrikuntza horien artean aipa daiteke oinarrizko konpetentziak (metadiziplinarrak eta diziplinarrak) ardatz dituen ikaslearen irteera-profilean eta integrazioaren pedagogian oinarritutako curriculuma dela.

Zehaztapen mailara etorrita, lehenengoan Oinarrizko eta Derrigorrezko Hezkuntza osorako ikaslearen irteera-profil orokorra definitzen da; bigarrenean arloari lotutako ikaslearen irteera-profil espezifikoa definitzen da; amaitzeko, hirugarrenean, ikasturte bakoitzerako gelan aplikatzeko unitate didaktikoak proposatzen dira.

Gehiago jakin nahi izanez gero: www.ikaselkar.com/eki / www.ekigunea.com

ANP (Antolaketa Neurologikorako Programa)

Egunero ordu erdiko ariketa motorikoak egitean datza (katuka, arrastaka, brakiazioa…), begi-gorputz koordinazio on bat… garatu ahal izateko eta horrela ikaskuntza prozesua erraztu ahal izateko. Programa hau 2-8 urte bitarteko ikasleekin garatzen da, beraz, bereziki HHn garatzen den arren, LHko lehen zikloan ere ariketa batzuk gauzatzen dira.

PSIKOMOTRIZITATEA

Haurraren afektuzko garapena zein garapen motorra eta kognitiboa erabat lotuta daudenez, bere gorputzaren osotasuna garatzen laguntzea eta jolasa eta akzioa bultzatuz komunikazioa, sormena eta pentsamendu operatorioaren bilakaera bideratzea du helburu Bernard Aucouturier-en ereduan oinarritutako praktika honek.

IKASKUNTZA KOOPERATIBOA

Ikaskuntza kooperatiboa helburu didaktiko batekin ikasle gutxiz osatutako talde lana erabiltzea da, beren elkarrekintza ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
 
Helburua partaide guztiek eskola edukiak ikastea da, bakoitzak ahal duen gehien ikasiz eta gainera taldean lan egiten ikasiz. Orokorrean talde heterogeneoak dira errendimendu eta gaitasunei begira, beti ere, taldekideen parte hartze ekitatiboa eta beraien arteko interakzioa ahalik eta gehien bultzatuko duen ariketa motak landuz. 
 

BIZIKIDETZA

  • ADOSTOKIA: Ikastetxeko baloreak kontuan izanik eta bertako arauak errespetatuz, ikasleei elkarren arteko harremanak hobetzeko baliagarriak izango zaizkien giza trebetasunak lantzen ditugu gure bizikidetza plana jarraituz. Plan honen barnean adostokiak nabarmendu behar ditugu, hauen bitartez, ikasleek dituzten gatazkak beraien artean hitz eginez eta konpromisoak hartuz konpontzen dira
  • GELAKO ASANBLADA: Gelako asanblada, modu sistematikoan txikitatik landuz gero, elkarbizitza planaren funtsezko tresna da, ikastaldeari eragiten dien egoera gatazkatsuei partaidetza demokratikoaren ikuspegitik aurre egitea ahalbidetzen duelako.

ELEANIZTASUNA

Etorkizuneko Ibartarrek euskaraz eta gazteleraz ez ezik nazioarteko hizkuntza den ingelesa ezagutu eta erabili beharko dute. Eta gure erronka garrantzitsuenetariko bat bihurtu da gure ikasleek DBHko 4. maila amaitzean 3 hizkuntza hauen menperatze maila altua lortzea.  Horretarako hizkuntzen trataera bateratua lantzen ari gara eta ingelesean eleanitz proiektuan sartuak gaude, 4 urtetatik hasi eta 16 urtetaraino doan proiektua, zeinak hizkuntza erabiliaz ikasten dela erakusten digun.

IKTak

Gaur egungo gizartean barneraino sartuta daukagu teknologia, ikasleek beraien errealitatean internet, mugikorrak eta beste zenbait tresna dituzte, eta kultur horretan natiboak dira, beraz,   hezkuntzan IKTak uztartzeko beharra ikusten dugu.
Erabiltzen ditugun baliabideen  artean, ordenagailuz gain, honako hauek daude:
ARBEL DIGITALA, dimentsio desberdinetako pantaila da. Ordenagailua eta proiektore digitalarekin konektatuta, periferikoa bezala, oso tresna ahaltsu bihurtzen da irakaskuntzan, ohiko arbelaren erabilera  eta IKTen baliabide multimedia guztiarekin elkartzen direlako.
IKASYS Tipologia zabaleko aktibitate didaktikoen bidez ikasleak oinarrizko konpetentziak lortzeko behar dituen baliabideak garatzeko balio duen hezkuntza ikerketa alorreko sistema berriztatzailea da.
APPS APLIKAZIOAK,  informazio partekatzeko ahalbideratzen dutenak...

 

KIVA

KiVa bullying edo eskola-jazarpenaren aurkako programa da. KiVa programa Finlandiako Hezkuntza Ministerioak finantzatu eta Turkuko Unibertsitateak sortu eta garatutako eredu bat da, eskola-jazarpena murriztea xede duena. 

Ikasleek KiVa ikasgaiak izango dituzte (10 ikasgai dira, eta bakoitzak 45 minutuko bi saio ditu). Ikasgaietan eztabaidak, taldeko lana, eskola-jazarpenari buruzko film laburrak eta rol-jokoak sartzen dira. Gaiak, berriz, orokorrak –esaterako, errespetuaren garrantzia giza harremanetan– nahiz bullying-arekin lotutakoak dira, hala nola jazarpenaren mekanismoak eta ondorioak. Ikasgai askotan, jazarpenak bere horretan jarraitzean edo hura gelditzean taldeak jokatzen duen rola aztertzen da; ikasleek pentsatuko dute zer modu egon daitezkeen jazarpenari aurre egiteko, eta praktikatu egingo dituzte. GURASOEN GIDA.