Skip to main content

Ikastolak Herriari Ekitaldia

Aste honetan Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen arauen aurrean, azaroaren 13an Donostiako Kursaal-ean egingo den ‘Ikastolak Herriari’ ikuskizunarekin aurrera jarraitzea erabaki du Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak. Baina neurrien ondorioz, eta aurrez iragarri zen ordu aldaketaz gain, beste hainbat aldaketa ere egin behar izan dira.

Hala, mugikortasun arauei jarraiki, ikuskizunera Donostiako bizilagunek zein mugakide diren herrietako biztanleek bakarrik joan ahal izango dute. Hala, sarrera erosita zuten Gipuzkoako zein gainerako herrialdeetako kideek sarrera itzuli beharko dute, erosi zuten bide berdina erabiliz. Sarreren dirua itzuli egingo da.

Iragarritako egitaraua mantendu egingo da, eta, beraz, euskarak eta euskal kulturak bermatuta izango dute ikastolek eskainitako plaza. Hala, ikuskizunean izango dira Anje Duhalde, Pauline eta Juliette, Xabi Solano eta Kimua Dantza Kolektiboa, Nogen taldea, Demode Quartet taldea, Korrontzi eta Oinkari dantza taldea. Musika, kantua eta dantza uztartuko dira ekitaldi honetan eta Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga izango dira aurkezpenaz arduratuko direnak. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia.

Halaber, Euskal Telebistarekin lotutako hitzarmenaren bidez, azaroaren 21ean, ETBko lehen katean ikusi ahalko da ikuskizuna. Aurrez aurre ikusteko aukerarik ez dutenek, beraz, data hori gorde eta Euskal Herriko Ikastolei etxetik bertatik sostengua emateko eskatzen da.  

Jarrai dezagun euskaraz eta euskal kulturaz gozatzen, kalean edo etxean, eta eman diezaiegun gure babesa Euskal Herriko Ikastolei.

Azken albisteak

LH6.mailan “Mundua aldatzen ari da” proiektuan buru belarri gabiltza. Aldaketa hauen aztarnak ezagutzera etorri gara Zumaiara egun pasa.
Ostiralero bezala, Argitxo bere bidaia bereziarekin hasi da! Haur Hezkuntzako ikasleek Argitxo txandaka eramango dute etxera , asteburua elkarrekin igarotzeko.
Urtero legez, lehen hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako ikasleak gaua pasatzera joan dira. Oraingo honetan Hondarribiko kaleetan barrena ibili dira jolasean eta Elkano aterpetxean igaro dute gaua. Primeran ibili dira.
Beste ikasturte batez, ikasle zirkuluak egitasmoari hasiera eman diogu, bai gelako eta bai oro har ikastolako elkarbizitza hobetzeko asmoz.