Skip to main content

Egokitze aldia

Irudia
HH1

Egokitze aldia

Udara amaitu da eta gogotsu ekin diogu ikasturte berriari. Harremanetarako, esperimentaziorako, jolaserako une eta gune berriak ditugu aurrean. Lehen egun hauetan elkar ezagutzak, konfidantza eraikitzeko uneek… garrantzia berezia hartzen dute:  konkista aldia bizi dugu ikastolan. Baina, zer da egokitze edo konkista aldia?

Denok, behar dugu egokitzeko denbora. Haurrek ere tarte bat behar dute ikastolako testuingurura egokitzeko, batzuetan guztiz berria delako, beste batzuetan gelaz zein taldez aldatu direlako, eta beste batzuetan denbora asko daramatelako bertara gerturatu gabe.

 Egokitzapen prozesuaren oinarrian dagoena harremana da. Alde batetik, ikastolara joatean testuinguru naturaleko gertuko pertsonengandik banatu behar delako, eta, bestetik, eskolara joatean testuinguru berri batean kokatuko diren pertsona berriekin harremana eraiki behar delako.

Ikerketek adierazten dute umeen ongizatea eta garapena ziurtatzeko ezinbestekoa dela heldu esanguratsu batekin harreman afektiboa eraikitzea. Harreman horren bidez haurra seguru sentitzen bada, bere ingurunea ikertu eta besteekin modu osasuntsuan harremanduko da. Etxean daudenean, gurasoak izan ohi dira euren erreferente nagusiak. Baina ikastolan daudenean hezitzaileek hartu behar dute haurren erreferente segurua izateko ardura.

Horretarako, haurrak denbora behar du; ez da egun batetik bestera burutzen den prozesua. Hezitzaileak haur bakoitza konkistatzeko bide ezberdinak esploratu beharko ditu, haurrak askotarikoak direlako, bizitza istorio ezberdinak dituztelako, ezberdin bizi dituztelako banaketa prozesuak, testuinguru berrien aurrean ezberdin erantzuten dutelako, interes ezberdinak dituztelako eta abar.

Egokitzapenaz, zaintzeaz ari garenean, haurraren ongizateaz ari gara, bere eskubideak errespetatzeaz.

Egokitze aldiko argazkiak

 

Azken albisteak

Gure ikastolako txikienek tenperarekin esperimentatzeko aukera izan dute. Pintzelak eskuetan hartu eta kristalaren gainean margotuz, sormena eta irudimena lantzeko esperientzia aberasgarri eta dibertigarriaz gozatu dute.
Ikastolan arte-hezkuntzaren arloko eskaintza zabaldu nahi izan dugu aurten, ikasleei sormena, adierazpen artistikoa eta trebetasun praktikoak garatzeko aukera berriak eskainiz.
LH6.mailan “Mundua aldatzen ari da” proiektuan buru belarri gabiltza. Aldaketa hauen aztarnak ezagutzera etorri gara Zumaiara egun pasa.
Ostiralero bezala, Argitxo bere bidaia bereziarekin hasi da! Haur Hezkuntzako ikasleek Argitxo txandaka eramango dute etxera , asteburua elkarrekin igarotzeko.