Jangela
Aurten ere aldaketa batzuk izan ditugu jangelako taldean, baina pixkanaka denon artean giro atsegin eta gertukoa sortzen jarraitu dugu egunerokoan. Ikasturte honetan zehar, elkarlana eta komunikazioa indartzen joan gara, bai lankideen artean eta baita familiekin ere.
Uzturpe ikastolako filosofia eta lan ildoekin bat egiten jarraitzen dugu, jangelako espazioa ere hezkuntza gune garrantzitsua dela ulertuz. Horretarako, gatazken kudeaketan, arauen lanketan eta haurren ongizate emozionalean arreta berezia jarri dugu. Formakuntza eta hausnarketarako tarteak ere izan ditugu urtean zehar.
Ikastolako parte garenez, aurten ere jangela tematikoarekin jarraitu dugu. Ikasturte honetan, Italia, Mexiko, Txina…. landu ditugularik. Haurrek bertako janariak dastatzeko aukera izan dute eta, aldi berean, kultura, jolas eta ohitura berriak ezagutu dituzte.
Helburu nagusietako bat jangela hezkuntza-planaren parte izaten jarraitzea izan da, haurrei, familiei eta irakasleei erantzun egoki bat eskainiz. Giro lasaia, errespetuzkoa eta atsegina sustatzen saiatu gara egunero.
Bestalde, KM0 produktuekin osatutako menua eskaintzen jarraitzen dugu, garaiko lehengaiei eta produktu ekologikoei garrantzia emanez. Ikastola bertan sukaldatutako elikadura orekatu eta osasuntsua eskaintzea izan da gure oinarria.