Langileen formazioa
Prestakuntza etengabea da kalitatezko hezkuntza bermatzeko giltzarria. Aurten ere hainbat prestakuntza-saio eta esperientzia aberasgarri izan ditugu, hausnarketa pedagogikoa eta gaitasun berrien garapena bultzatuz.
Ikasturtean zehar, bisita pedagogikoak egin ditugu beste ikastola batzuetara; hala nola, Anoetako Herri Ikastolara eta Axular Lizeoa ikastoletan izan gara, Ikastola hauen eraldaketa eta elkar-lan prozesuak ezagutzeko.
Urtero bezala, asteburu pedagogikoa ere burutu dugu. Elkarrekin egon, partekatu, hausnartu, ikasi eta gozatzeko aukera izan dugu. Larunbat goizean Anoeta Herri Ikastolaren eraldaketa prozesua nola izan den kontatu digute bertako pedagogia taldekoek eta ondoren Ikastola bisitatu dugu, eraldaketa arkitektonikoa nolako izan den ikusteko. Arratsaldean, Adunara igo eta Uzturpe Ikastolaren ibilbide pedagogikoaren inguruan sakon hausnartu eta gure beharrak identifikatzen aritu gara. Hurrengo egunean, Barre Terapia saioa egin dugu, barne-sendotasuna eta gertutasuna lantzeko asmoarekin.
EHIk antolatutako saioetan gure irakasle den Usue Sukia Zurutuzak saioak gidatu ditu formatzaile gisa, eta bertan HHko etapako arduraduna ere formazioan parte hartzen aritu da. Ikastaro hau haurraren pentsamendu matematikoaren garapenean behartu gabe bidelaguntzeko gonbidapena izan da, behaketa kontzientea eta hausnarketa sustatuz. “Gorputzetik pentsamendura: begirada matematikoa hezten” bezala izendatu dutena.
Beste urte batez, Ikastolen Elkarteak antolatutako prestakuntza eskaintza zabala baliatu dugu gure jarduna hobetzen jarraitzeko. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta aurten lehen aldiz Bigarren Hezkuntzako erreferente mintegietan, arduradun pedagogikoen mintegian, HIZPRO mintegian eta orientazio, komunikazio, zuzendaritza eta administrazio mintegietan parte hartu dugu. Mintegi horiek eraldaketa eta hausnarketa pedagogikoan bidelagun izan ditugu, eta gure hezkuntza-praktika etengabe berrikusteko eta hobetzeko aukera eman digute, Euskal Herriko beste 114 ikastolekin batera.
Ikastolen Elkarteak antolatutako 29. Jardunaldi Pedagogikoetan izan ginen Zuzendaritzako kideak. Jardunaldi horietan, Inklusioa izan zen ardatz, eta jardunaldi hauek hezkuntza-komunitate osoari irekita egongo dira: irakasle, hezitzaile eta hezkuntzarekin lotura duten gizarte-eragileei. Izan ere, ikastolek gizarteak ezartzen dizkien erronkei modu amankomun eta partekatuan erantzun nahi diete, elkarlana oinarri hartuta.
Halaber, EHIk antolatutako “Piztu jakinmina” jardunaldi pedagogikoetan ere parte hartu genuen, Gazteizko Europako Biltzar Jauregira bertaratu ginen Zuzendaritzako kideak. Topaketa hauetan, aniztasunari erantzuteko praktika arrakastatsuak eta beste ikastola batzuek dituzten herri egitasmo ezberdinak ezagutu genituen.
Bestalde, EHIren baitan antolatutako beste mintegi eta ikastaro askotan ere parte hartu dugu. Hainbat esparrutako prestakuntza jaso dugu: hizkuntzak (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez), irakurketa plana diseinatzeko ikastaroa, gorputz hezkuntza arloa eredu konpetentzialean lantzeko urratsak ematen jarraitzeko ikastaroa, atzerriko hizkuntza ikasle guztien inklusibitatea bermatzeko ikastaroa, Yoga ikasgelan lantzeko ikastaroa, musika mintegia, Hezkuntza eraldatzeko jardunaldietan ere parte hartu dugu, Alexian irakasle koadernoaren inguruko ikastaroa ere jaso dugu.
Wikikasi ekimen pedagogikoan ere parte hartu genuen, bertan Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE), euskarazko Wikipediaren sustatzaileak, ikas-egoeretan Wikipedia lantzeko programa aurkeztu zigun, eta antolatzaileekin hitz egiten egon ginen hurrengo ikasturteetan gurean aplikatu ahal izateko. Era berean, Onki programaren oinarri teorikoak ezagutzeko urte osoko ikastaroa egin dute DBHko tutoreek. Onkiren egitura aztertu eta materialen erabilera gakoak barneratzeko ikastaro trinkoa izan da. Horrela, tutoretza saioen eta tutore izatearen begirada aldaketarako bidea hasi garelarik egiten.
Horrez gain, Berritzeguneak eta Hezkuntza Sailak eskainitako prestakuntzetan ere parte hartu dugu, aniztasunari eta hezkuntza inklusiboari lotutako hainbat arlotan. Bizikidetza eta hezkidetza lantzeko mintegian aritu gara, baita irakasle aholkularien eta pedagogia terapeutikoko irakasleen mintegietan ere. Adimen gaitasun handien inguruko hainbat prestakuntza jaso ditugu, sentsibilizazioa, detekzio espezifikoa eta esku-hartzea landuz. Jantokiko langileei bizikidetzari eta ikasgelatik kanpoko harreman-moduei buruzko prestakuntza ere eskaini zaie.
Prestakuntza guzti hauen bidez, ikasleen beharrizanetara hobeto egokitzen den praktika pedagogikoa eraikitzen ari gara, eta komunitate hezitzaile gisa hazten jarraitzen dugu.