Ikasleen formazioa
Ikasleen hezkuntza aberasteko asmoz, formazio eta jarduera osagarrien eskaintza zabala izan dugu, 2025-2026 ikasturtean zehar irteeren programa osatu eta aberastuz. Jarduera hauek esperientzian eta eguneroko bizipenean oinarritu dira, ikasleen konpetentzia pertsonal eta sozialak garatzeko helburuarekin.
Haur Hezkuntza (HH) eta Lehen Hezkuntza (LH):
HH ikasleek familien laguntzarekin tailerrak egiten jarraitzen dute, esperientzia aberasgarriak biziz. Etxekoen parte hartzeak ikastola eta etxearen arteko loturak sendotzen laguntzen du. Tailer hauetan, ipuinak entzun, familien lanbideak eta zaletasun ezberdinak ezagutu eta berauen inguruan ikasi eta esperimentatzeko aukera izaten dute. Esperientzia hauek ezagutza eta sormena sustatzeaz gain, elkarrekin une bereziak bizitzea ere ahalbidetzen diete.
HH eta LHko ikasleek TINKOren eskutik euskarazko zinema emanaldiak jaso dituzte, ikus-entzunezkoen bidez hizkuntza eta kultura lantzeko aukera paregabea izan delarik. Halaber, Inmakulada lanbide heziketako ikasleekin elkarlanean aritu gara: aurpegi margoketa eta ileapaindegi tailerrak antolatu dituzte, oinarrizko lanbide heziketako ikasleek gure HH eta LH 1-2-3ko ikasleentzat bai gure ikastolan eta beraien ikasgeletan ere, adin ezberdinetako bi ikastoletako ikasleen arteko harremana eta esperientzia aberastuz.
HH3koek "Gabonak eta kontsumoa" tailerra izan dute, kontzientzia soziala lantzeko helburuarekin. LH 1, 2 eta 3 mailetako ikasleek igeriketa ikastaroa izan dute; igeri ikasteaz gain, primeran pasa dute. LH4koek, berriz, gelan ikasitakoa errealitatera ekartzeko asmoz bisita berezi eta aberasgarria jaso dute Aitor Gartziarenaren eskutik, txirrindularitza egokituari buruz hitz egitera etorri eta garun paralisiaren errealitatea ezagutarazten lagundu die ikasleei.
LH5koak Suhiltzaileen lana ezagutzera joan berri dira eta, era berean, Nerea Ibarzabalen bisita jaso zuten “Idazleak Ikastetxeetan” ekimenaren barnean. LH6koek aurten bisita ugari jaso dituzte Elkartasun Kilometroa antolatu bitartean, batetik Bizipoza elkarteko arduradunen bisita izan zuten hala nola Zapotxin pailazoarena. Era berean, Ibarrako alkateari eta erizainei elkarrizketa egiteko aukera ere izan zuten.
Ibarrako Bizi Nahi Elkartea eta Garagunekoekin elkarlanean aritu gara bai LHn bai DBHn ere, ekintza ezberdinak partekatuz elkarrekin ikasi eta elkar aberasteko helburuz.
Bigarren Hezkuntza (DBH):
DBHko ikasleek hainbat formazio jaso dituzte ikasturtean zehar, eta agenda betea izan dugu. Urtero bezala, Joseba Larratxeren eskutik Komiki Tailerra izan dugu, ondoren herriko Galtzakomik lehiaketan parte hartzeko.
DBH1ekoek, halaber, Wikipediak eskainitako formazioa jaso zuten,bertan euren testuak argitaratzeko eta gure proiektuetan txertatzeko. Maila berean, gazteengan suizidioa prebenitzeko ZIUR programa pilotuaren formazioa jasotzen hasi dira, gure gazteen ongizatea bermatzen jarraitzeko asmoz. DBH1ekoek Mitologia Tailerra ere jaso zuten eta EUSLE egitasmoa ere izan dugu DBH osoan.
DBH2koek Joseviskyren bisita jaso dute komikigintza lantzeko Agenda 30 programaren barruan, aldi berean BINOMIO porno tailerra ere izan dute, antzerkiaren bitartez genero indarkeriak harremanetan duen eraginaren kontzientzia hartzeko.
DBH3 eta DBH4ko ikasleek Musikariak Ikastetxean egitasmoaren baitan Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez jaso dituzte bisitan, sormena eta irudimena pizteko helburuarekin. Azkenik, Osakidetzako hiru erizainen bisita jaso dute sexu hezkuntzaren inguruan hausnartzeko asmoz.
Azkenik, Tolosako Inmakulada lanbide ikastolako ikasleen eskutik, DBH ikasleek lehen sorospenetako formakuntza jaso zuten.