Pedagogia Taldea
Uzturpe Ikastolan, hezkuntza ulertzeko eta egiteko modua etengabe berrikusten eta hobetzen jarraitzen dugu. Aspaldi hasi genuen hausnarketa eta hobekuntza-bidea, eta aurten, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra ezagutzeko ikastaro sakon bat egin dugu. Hezkuntza egitasmoarekin batera, beste urrats bat ematen hasi gara ikasleen Pertsona-eredua garatzeko.
IHMO ikastaroa jardun biko ikastaro baten bitartez egin dugu, hau da, zati bat norberak banaka jorratu du eta ondoren 3 saio klaustro osoarentzat bideratu ditugu. Bertan, Ikastolen historia, zer den Ikastola, nondik gatozen, nora goazen, zer den kooperatiba bat eta batez ere nora goazen landu, hausnartu eta pertsona-eredua garatzen aritu gara.
Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra gure hezkuntza ulertzeko eta garatzeko elementuak barne hartzen dituen egitura da. Helburua ikasleei pertsona-eredu bat garatzen laguntzea da, eta horretarako, hezkuntza-ildoak, printzipio psikopedagogikoak eta curriculuma biltzen ditu bere baitan.
Jardun biko ikastaro honek bi atal izango ditu: Batetik, irakasle bakoitzak on-line egin beharko duen lan pertsonala eta bestetik, ikastolan gauzatuko diren saio kolektiboak. Urtarrilean hasi eta ekainera bitartean iraungo duen ikastaro honen helburua, markoaren edukian sakontzea da. Zer garen, zer lortu nahi dugun eta nola lortu nahi dugun guztion artean landu eta hausnartzea.
Aurrerago, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra zer den langilego guztiari zabaltzeko asmoa dugu, izan ere, nahiz eta formazio hau irakasleentzat bideratua dagoen komunitate osoak honen inguruan jakitea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Eta ez jakitea bakarrik, bertan murgiltzea eta denon artean bide hau egin dezagun denok txalupa berberean gaudela ziurtatu behar dugu, inor atzean edota kanpoan geldi ez dadin. Ikastolako familiek ere izango dutelarik gogoeta honetan murgiltzeko aukera.
Honetaz gain aurtengo 2025-2026 ikasturtean besteak beste lan pedagogiko hauek ere burutu ditugu:
HHn: zaharkituak zeuden irakasle berrientzako dokumentua eta 2 urteko familientzako Eraikiz liburuxkak berritu ditugu. Familientzako hauen kezketatik abiatutako orientabide dokumentuak sortu ditugu, material eta espazioen behaketa orri berriak diseinatu ditugu, eta euskara indartzeko erabaki pedagogikoak gauzatu ditugu.
LHn: buletinen berritzea eta Alexiaratzea gauzatu dugu, HHrekin elkarlanean euskara indartzeko estrategiak bilatu eta hurrengo lau ikasturteetarako helburu eta ekintza zehatzak definitu ditugu.
DBHn: gure proiektu pedagogikorako programazioak egokitu ditugu, digitalizazioaren inguruko hausnarketa egin dugu, euskara maila aztertu dugu maila guztietan.
Eta azkenik, gure AJA (Antolakuntza eta Jarduera Araudia) dokumentua berrikusi eta hobetu dugu.
Lan talde sendoa osatzen dugu eta aurrera begira proiektu eta egitasmo ausartak ditugu. Gure helburua argi dugu: ikasleen garapena eta ongizatea bermatzea eta horretarako kalitatezkoa hezkuntza eskaintzea. Uzturpen bide horretan jarraitzen dugu, elkarrekin ikasiz, amestuz eta etengabe hobetzeko nahiarekin.