Skip to main content

Eskola Kirola: Urteko Jardueraren Laburpena

Aurtengo ikasturtean, gure ikastolako eskola kirolaren eskaintza aberatsa bezain anitza izan da. Multikiroleko 7 taldek parte hartu dute astebururo hainbat jardueratan, eta horiei Atletismo taldeak eta Jolas Heziko taldeak egin dituzten saioak gehitu behar zaizkie. Ikasleen parte-hartzea oso zabala izan da; horrek erakusten du kirolarekiko eta bizitza osasuntsuarekiko duten interesa eta motibazioa.

Aipagarriak dira aurtengo bi berrikuntza nagusiak. Batetik, jantzi berriak estreinatu ditugu eta Tolosaldeako herri desberdinetan gure kolore berriak zabaldu ditugu: morea eta turkesa. Bestetik, Olinpiaden itzulera. Ikasturte osoan zehar partida eta ekintza berezietan puntuak pilatzen joan ondoren maiatzaren 30ean Olinpiadetako finalak ospatu ditugu Berazubin tolosaldeako 600 umek parte hartu zutelarik. Izugarrizko arrakasta izan zuen ekitaldiak.

Baina hau guztia aurrera eramateko, gure begiraleen eta arbitroen lana ezinbestekoa izan da. Haien inplikazioari eta profesionaltasunari esker, giro atsegin eta seguru batean burutu dira ekintza guztiak.

Eskola kirolaren bidez, kirolaren eta bizi ohitura osasuntsuen sustapena bilatzen dugu, bai eta bizikidetzan oinarritutako baloreen lanketa ere: errespetua, elkarlana, ardura eta esfortzua.

Ikastolatik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten ikasleei, gurasoei eta hezitzaile guztiei, denon artean komunitate aktibo eta osasuntsuago bat eraikitzen lagundu baitute.

 

Eskola Kirola
Eskola Kirola