FAMILIEN FORMAZIOA
Gurasoek hezkuntza-komunitatearen parte aktibo izateko bidean, ikasturte honetan ere hainbat formazio-aukera izan dituzte. Guztion parte-hartzea ezinbestekoa da haur eta nerabeen ongizatea bermatzeko, eta bide horretan, udala zein herriko eragile ezberdinen eskaintzak baliatu ditugu, elkarlana sustatu eta gure eskaintza aberasteko.
Kultura Astearen baitan, Itziar Portabales logopedak hitzaldi interesgarria eskaini zien haur txikienen gurasoei, ahozko hizkuntzaren garapenaren inguruan. Aldi berean, nerabeen familientzat LUGUS aplikazioaren erabilera azaltzeko saioa antolatu zen, teknologiaren erabilera egokiari bide emateko.
NURA programaren eskutik antolatutako, buru osasunari buruzko jardunaldietan parte hartzea bultzatu dugu. Bertan, emozioen kudeaketa eta garapen osasuntsua sustatzeko baliabideak partekatu ziren bi hitzaldiren bidez:
“Mitoak apurtzen, hitz egin dezagun suizidioaz” (Biziraun elkartea)
“Gazteak eta buru osasuna, guztion erronka” (Agifes)
Ibarra herri hezitzailearen ekimenez, “Gizontasuna desmuntatzen” tailerrean gizonentzako espazio segurua eskaini da, feminismoaren aurrean duten jarrera aztertzeko eta indarkeria matxistaren aurpegiak ezagutzeko, botere-harremanen inguruko hausnarketa sustatuz.
Horretaz gain, Treba Gurasoak egitasmoaren baitan, udalak, “Harreman osasuntsuak lagun artean” izeneko saioa eskaini du, adin desberdinetako seme-alaben arteko harremanei begirako gakoak eskainiz.
