Hitzaurrea
Urte bakoitza istorio berri bat da gure ikastolarentzat, eta aurtengoa ere ez da salbuespena izan. Egindako bidea oparoa eta esanguratsua izan da, eta atzera begiratzeak aukera ematen digu bizi izandakoa balioesteko eta etorkizunari begirada arduratsu eta itxaropentsu batekin ekiteko.
Ikasturte honetako mugarri garrantzitsuenetako bat kanpo espazio berrituaren irekiera izan da. Hilabete luzez luzatu diren lanen ostean, gure ikasleek eta herritarrek ingurune irisgarri, atsegin eta anitzaz gozatzeko aukera izan dute. Udalaren ekimenez eta herritarren parte-hartze aktiboarekin diseinatua, espazio berri honek adin guztietako erabiltzaileentzako txoko eta erabilera anitzeko guneak biltzen ditu. Hezkuntzarako, jolaserako zein elkargunerako aukera berriak eskaini ditu, eta herriari irekitako ate berri bat bihurtu da.
Bestalde, ikastolaren irudi berria ere aurtengo berrikuntzen artean kokatu behar dugu. Logotipoa, koloreak eta bestelako euskarri grafikoak eguneratu ditugu, gure nortasuna eta egiteko modua modu argi eta bizigarrian islatzen dituen irudi berrituaren bidez. Prozesu parte-hartzaile baten emaitza izan da, eta gure komunitatearen identitatea indartzen duen ikur bihurtu da. Mendi atzean ageri den eguzki koloretsuak eta naturaren koloreez osatutako U hizkiaren irudiak Uzturperen izana eta bidea ederki jasotzen ditu.
Hala ere, aurrera begira jarrita, ezin ditugu alde batera utzi esku artean ditugun erronka nagusiak. Jaiotza-tasaren beherakadak gure egitura eta antolaketan aldaketa sakonak ekarriko ditu, eta horrek egokitzapen arduratsuak eskatuko dizkigu. Era berean, euskararen erabileraren inguruan gero eta nabarmenagoa den atzerapausoak ere kezkatzen gaitu. Gure hizkuntza komunitatearen bihotzean dago, eta denon ardura eta konpromisoa beharko ditugu joera hori iraultzeko eta euskararen erabilera benetan biziberritzeko.
Guzti horiek kontuan hartuta, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet urte osoan zehar ikastola hau bizirik mantentzen duten guztiei: ikasle, familia, langile eta laguntzaileei. Guztion artean eraikitzen dugulako gure ikastola, eta guztion artean egingo dugulako bide berria.
Eskerrik asko.
Aitor Bengoa Ansa
Uzturpe Ikastolako Zuzendaria
