Zer, nola eta zertarako komunikatu?
Komunikazio lantaldean bi lan ildo nagusi izan ditugu aurtengo ikasturtean. Batetik, barne komunikazioaren inguruko hausnarketa saio eta erabakiak hartu ditugu. Ditugun bitarteko komunikatiboak aztertu eta bakoitza nola eta zertarako erabiliko dugun erabaki dugu. Bigarrenik, kanpo komunikazio eraginkorrago bat egiteko asmoz aldaketa esanguratsuak egin ditugu.
Aurtengo berrikuntzen artean nabarmenena urtetan ikastolako irudia izan denaren aldaketa da. Eider Epeldek egindako diseinuen artean, eta prozesu partehartzaile baten ostean, Egunsentia proposamena gailendu zen. Irudiaren aldaketak webgunearen aldaketa ere ekarri du eta horrekin batera ikastolako gainontzeko euskarriena ere bai. Komunitateari ikastolan zer egiten dugun adierazteko helburuaz gure buletina, Biorritana, hiru asteaz behin argitaratzetik hamaboskari izatera pasa da. Bestetik, gure Telegram taldea handitu eta indartzeko kanpaina ere martxan jarri genuen egun 288 harpidedun dituelarik gure kanalak. Amaitzeko, ikastolako sare sozialen inguruko hausnarketa ere burutu dugu, eta ondorio gisa, X sareak daraman bidea ikusirik bertatik ateratzea erabaki du ikastolak.
