Skip to main content

Hitzaurrea

 

Aurrean duzun urtekari hau azken urteetan Ikastolan izan dugun hutsune bat betetzera dator. Ekintza anitz eta interesgarri ugari burutzen dira Ikastolaren egunerokoan eta ikasturte amaieran egindako guztia bildu eta erakustea, ariketa aberasgarria da zalantzarik gabe.

Baina ezin ukatu azken urteak ez direla errazak izan gure etxean. Azken urtekaria 2018/19 ikasturtean argitaratu genuen, paperean egiten zen formatuko maketazio ereduan. Hurrengo ikasturtean pandemia izan genuen eta hau bukatu aurretik, Kilometroak jaiaren inguruko ekitaldien antolaketa lanetan erabat murgilduta ibili ginen. Eta guzti horren erdian, gure urtekariak etena izan zuen.

Berriro, ustezko normaltasunera itzuli garen honetan, Urtekariari ere heldu nahi izan diogu. Baina oraingoan, eraberrituta dator, paper ereduko maketazioak alde batera utzi eta euskarri digitalean, webgune itxura hartuz, bildu nahi izan dugu 2023/24 ikasturtea.

Ikastola, herriko eremu bizi, aldakor eta anitza da. Gure egunerokotasunean, era guztietako ekintza, egitasmo eta ekitaldiak antolatu eta burutzen dira. Eta batzuetan, orain egin dugun bilketa ariketa hau, beharrezkoa izaten da hortaz jabetzeko.

Eta gure esparru eta eremuan egiten dugun guzti horrek, gizarte bizi, aldakor eta anitz bat sortuko duelakoan ari gara egunero lanean, egunak pilatuta osatzen baitira urteak. Eta pertsonak bilduta, gizartea.

Urtekari honen osaketa Ikastolako langileen artean modu kooperatiboan egin dela azpimarratu nahi nuke. Bakoitza bere txokotik, bakoitzaren urtea, denon urtea bihurtuz.

Gozatu aurrean duzun urtekari berriaz!

Aitor Bengoa Ansa

Uzturpe Ikastolako zuzendaria

 

Irudia
Zuzendaria