HAUSNARTU, ESKU HARTU ETA HOBETU
Azken urteetan urrats esanguratsuak eman ditugu ikasleen ikaskuntza prozesuen mesedetan gure jarduna eraldatzeko. Gure egunerokoan hobekuntzak txertatzeko, pedagogiari bere tokia eman eta taldea indartu nahi izan dugu ikasturte honetan.
Uzturpen betidanik izan da hausnarketarako eta hobekuntza pedagogikoak txertatzeko kultura. Orain ikasturte batzuk ikasleen irteera profila definitu genuen, ikastolako proiektua berrikusi eta ikastola osoko oinarrizko hezkuntza-ikuspegia bateratze lanari ekinez.
Ez da lan makala ikaslea erdigunean jarriz eta adinaren ezaugarriak kontuan hartuz, etapen arteko bateratze lan sendoa burutzea, eta bidean gora behera dexente bizitu ditugu. Eraldaketak, benetako eragina izan dezan, ez dira egun batetik bestera egiten, aurrera egin eta denboran mantenzea helburu, ikasturte honetan ikastolan dugun argazkia egin nahi izan dugu, datozen ikasturteetan pausoak ematen jarraitzeko.
Gure beharretara egokitzen den aholkularitza topatuz, talde motorea martxan jarri eta diagnosia egin dugu hobekuntza plana diseinatzen hasiz. Datorren ikasturtean klaustro mailan lanketa eginez, aldaketak gure egunerokoan txertatu eta ikastolaren hezkuntza proiektuan islatu beharko ditugu.