Skip to main content

PLAZARA, EUSKARA, PLAZARA

 

Horrela dio ikastolen ereserkiak eta ikastolak euskararen biziraupenean duen indarraz eta garrantziaz jabe izanik,  aurten ere Euskara taldean burubelarri aritu gara euskararen alde lanean.

23-24 ikasturte honetan, Hizkuntza Proiektua langileon artean zabaltzean jarri dugu indarra eta oso harro gaude burututako lanarekin. Azken urteetako aldaketaz kontziente izanik eta sentsazioetatik haratago, euskararen erabilera eta jakintza datuak hartu ditugu  eta Hizkuntza Proiektua mahai gainean jarri dugu guztiok ezagutzeko.  Hausnarketaz haratago, eta gure arduraz jabetuta, Euskararen aldeko jokaera protokoloa diseinatu dugu eta baita aho batez onartu ere.

Lan mardul horrez gain, ezin ditugu aipatu gabe utzi ikasturtean zehar burututako hainbat eta hainbat kultur ekintza. Nola ahaztu bada Euskararen Eguneko jardun sorta; Huntza taldeko SÜNE abeslariarekin solasean aritu ginen eta ohiko txistorra pintxoa jan ondotik, euskal kantuak entzun ziren ozen frontoiko kantaldian. Jolasak eta dibertimendua ez ziren falta izan aldarrikapenez betetako egunean.

Nola ahaztu halaber, Korrikaren inguruan burututako ekintzak: unitate didaktiko interesgarriak, Korrika Txikia eta, nola ez, herria ilusioz bete zuen Korrika ofiziala. Euskal Herri osoan euskara bultzatzen duen ekintzetan, hantxe izango da beti Uzturpe.

Azkenik, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna prestatzea ere egokitu zitzaigun Euskara talde kideoi. Elkarlanean eta ohiko prozesu parte-hartzailearekin egitarau xume eta polita osatu genuen. Hantxen ibili ginen literatur lanak sortzen, ipuin erraldoia lotzen, liburu trukeak egiten eta adin nahasketak baliatuta, irakurketa tarteak partekatzen. Hori guzia, noski, irakurzaletasuna sustatu asmotan.

Amaitzeko, Argitxo Ibiltariaren kanpaina azpimarratu nahiko genuke aurtengoan. Etxeetan ere euskara sustatzeko kanpaina hau HH eta LHko lehen zikloan jarri da martxan eta Argitxo pertsonaia aitzaki hartuta euskararen argia eta magia etxeetan mantentzera edo piztera gonbidatu ditugu familiak.

Plazara, euskara,  plazara… guk eusten badiogu txikiek ere bai.

Irudia
Korrika