Skip to main content

Uzturpe ikastolan familiekin lankidetzan, haurraren garapen osoa eta orekatua ahalbideratzea dugu helburu. Konfiantza eta segurtasuneko testuinguru edo gunea sortzea da hezitzaile taldearen egiteko garrantzitsuenetako bat.   

Helduok testuinguru seguru bat sortzeko bide honetan gure egunerokoan KOMUNIKATZEKO MODUAK daukan eragina aztertzea garrantzitsua da oso.

Horretan lagundu zigun aurreko astean Nerea Mendizabalek Ibarrako Kultur etxean eskaini zigun  “Errespetuzko komunikazioa: bizitzarako komunikazioa” hitzaldian. Nereak proposaturiko Komunikazio eredua Marshall Rosenberg-ek garatu duen Komunikazio Ez Bortitzean datza.

Komunikazio ez bortitzak harremanetan gerturatzen lagunduko digu: errespetuan, maitasunean, samurtasunean, ulermenean eta konfiantzan oinarrituriko harremanak izateko bidean jarriko gaitu, bortizkeriak komunikazio urrutiratzen baitu.

Norberak geure buruarekin dugun komunikazioa aztertzearen garrantzia azpimarratu digu Nerea Mendizabalek. Gure  burua behatzeko, hautemateko eta adierazteko lanketaren bidez konexiora eraman gaitzakeen elkarrizketa batera irits gaitezke. Konexio lortuz gero etorriko da heziketa, harremanak emango baitigu ulertzea zer pasatzen den.