Skip to main content

Aurten ere, Elkartasun Kilometroa deituriko ekitaldi solidarioa antolatuko du Uzturpe Ikastolako Bizikidetza batzordeak. Aurtengoak ordea, badu berezitasun bat.

Azken urte hauetan ohikoa bihurtu den irudia errepikatuko da aurten ere; adin guztietako ikasleak, irakasle, nahiz gurasoak, Ibarrako plaza eta inguruetan korrika, kausa solidario baten alde dirua biltzeko.

Era guztietako erakunde eta elkarteei laguntzeko asmoarekin antolatu izan dira Elkartasun Kilometroak, ondorioz, Ibarran bildutako dirua, munduko txoko ezberdinetara iritsi da. Esate baterako, Greenpeace talde ekologistak klima aldaketari aurka egiteko dituen egitasmoetara zuzendu zen iaz diru bilketa, aurrekoan, Grezian errefuxiatuei laguntzen aritzen den Zaporeak elkartera, beste batean, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak Afrikako zenbait herrialdeetan desnutrizioari aurre egiteko dituzten programetara zuzendu zen Ikastolan bildutako dirua. Sanfilippo sindromea duten haurrei edo Tourette sindromea pairatzen duten haurrentzako ere egin izan dira diru bilketak. Beste Ikastola batzuekiko elkartasuna ere adierazi izan da, zailtasun handiak izan zituen Ziburuko Kaskarotenea Ikastolaren alde ere korrika ibili izan gara eta.

Aurten bildutako dirua ordea, ez da urrutira joango. Ibarran bertan geldituko da. Izan ere, udan, Uzturpe Ikastolako eraikinean egin ziren obretan izan zen ezbeharrak eragindako gastuei aurre egiten laguntzeko izango da aurtengo Elkartasun Kilometroan bildutako dirua. Istripu baten ondorioz izandako ur-isuriek, eraikinaren zimenduetan mugimenduak eragin zituen eta ondorioz, eraikinaren zati bat itxita egon da. Egoera honen aurrean, behin-behineko ikasgela modularrak jarri behar izan dira Ikastolako patioan.

Uzturpe Ikastolarentzako dirua biltzeko modua, ohikoa izango da. Ikasle guztiek, txartel bana izango dute, eta elkartasun kilometroaren aurreko egunetan, beraien ingurukoen artean dirua biltzen saiatuko dira. Ondoren, Elkartasun kilometroa ospatzen den egunean, ibilbide itxi batean korrika saioa egingo dute Ikastolaren alde.

Ikastolak, gaur egungo gizartean eta etorkizunean heldu izango direnen hezkuntzan duen garrantziaz jabeturik, zuen aletxoa jarriko duzuelakoan. Eskerrik asko!

EKITALDIKO ARGAZKIAK HEMEN

 
Irudia