Lehen Hezkuntza
Ikasturtean zehar hainbat irteera egin ditugu Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Beste behin, argi geratu zaigu gelatik kanpo ikasteak balio hezitzaile handia duela. Irteerak ez dira aisialdirako une hutsak; ikasleen garapen pertsonala, soziala eta akademikoa aberasteko aukera paregabeak dira. Kanpora ateratzen garenean, ikasleek elkarrekin bizitzeko eta harremanak sendotzeko aukera izaten dute. Eguneroko errutinatik kanpo, laguntasuna, elkarlana eta errespetua modu naturalean lantzen dira. Era berean, gure hizkuntza erabiltzeko eta sendotzeko testuinguru ezin hobea eskaintzen dute irteerek, ikasleek euskaraz komunikatzeko egoera erreal eta esanguratsuak bizitzen baitituzte.
LH1, LH2 eta LH3ko ikasleek hainbat esperientzia aberasgarri izan dituzte aurten: Zarautzen gaua pasatzeko aukera izan dute, igerilekura joan dira eta gure inguruko txokoak ezagutu dituzte, hala nola Gaztelu, Leaburu, Uzturre edota Tolosa. Ingurune hurbila ezagutuz, ikasleek beren herriarekiko eta ondarearekiko lotura estutzen dute.
LH4 eta LH5eko ikasleek ere Zarautzen gaua pasatzeko esperientziaz gozatu dute. Horrez gain, hainbat jarduera berezi egin dituzte: Topic museoa bisitatu dute, bizikleta bira egin dute, suhiltzaileen lana gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Mahala baserrira ere joan dira. LH6ko ikasleek, berriz, aurten aparteko aukera izan dute: Lemoiz eta Gorozikako euskal girotze barnetegietara joan dira, eta bertan euskaraz bizitzeko, elkarrekin partekatzeko eta esperientzia ahaztezinak bizitzeko aukera izan dute. Zalantzarik gabe, ikasturteko unerik berezienetako bat izan da haientzat. Gure ingurua ezagutzeko eta gelan lantzen ditugun edukiak benetan barneratzeko ez dago esperientzia zuzena baino bide hoberik.
Ikaskuntza esanguratsua bizipenetik sortzen da; ikusi, ukitu, entzun eta bizi egiten dena sakonago geratzen baita ikasleen baitan. Horregatik, irteerak gure hezkuntza-proiektuaren osagai garrantzitsua dira ikasteko, elkarrekin hazteko eta mundua gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dutelako.