Skip to main content

Hitzaurrea

Ikastetxeei buruz ari garenean, eraikina, azpiegiturak, edo bertako ikasle eta langileak etortzen zaizkigu burura maiz. Nolanahi, Ikastola bat ez da soilik gelak eta pasabideak dituen eraikin hutsa. Komunitate bizi bat da; guztion artean, egunero eta urtetik urtera, herritik eta herriarentzat eraikitako proiektu pedagogikoa. Horren jakitun, une honetan hiru gai nagusik kezkatzen eta arduratzen gaituzte: kanpo espazioaren zaintzak, jaiotza-tasaren beherakadak dakartzan erronkek eta euskararen erabileraren etorkizunak. Ez dira gai errazak, ez eta arrotzak ere. Gure egunerokoan bizi ditugun errealitatearen parte dira, eta guztiok erantzuteko ardura dugula sinesten dugu.

Kanpo espazioari dagokionez, gune honek egunero haur eta nerabeen barreak, korrikaldiak eta ametsak biltzen ditu. Herriko espazioa da; gaur egungoena ez ezik, etorkizunekoa ere bai. Hain zuzen ere, ikasturte honetan zehar asteburuetan eta opor garaietan gertatu diren erasoek kezka handia sortu digute: materiala apurtzea, zaborra uztea edo espazioa modu desegokian erabiltzea ez da ikastolaren arazo soil bat; guztion artean eraikitakoarekiko errespetu falta ere bada. Ingurune atsegin eta erakargarri bat izateak hezkuntza kalitatean eragin positiboa du eta herriarentzat balio erantsi handia suposatzen du. Horregatik, guztion konpromisoa eskatzen dugu: gaur erabiltzen dutenek, ondoren erabiliko dutenei gozatzeko moduan uzteko ardura baitaukagu denok.

Bestalde, jaiotza-tasaren beherakadak gure egitura eta antolaketan aldaketa sakonak ekarriko ditu. Honek egokitzapen arduratsuak eskatuko dizkigu. Erronka hau ez da ikastolarena soilik, herri guztiarena baizik. Hala ere, txikiagoa izateak ez du ahulago izatea esan nahi; aukera bat ere bada, Arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko eta komunitate are sendoagoa eraikitzeko balio du. Aurrera begira, egoera honetarako prestatu eta elkarrekin irtenbideak bilatzeko prest egon behar dugu.

Euskararen erabilerari dagokionez, kezka nabarmena dugu. Gure hizkuntza komunitatearen bihotzean dago eta ikastolaren izatearen funtsean. Ikastolan euskaraz bizitzea ez da soilik irakasgai bat edo irakaskuntza-hizkuntza bat; bizitzeko modu bat da, identitate baten adierazpena. Hala ere, eskolaz kanpoko testuinguruan euskararen erabilera murriztuz doa, eta joera horrek kezkatzen gaitu. Familia, komunitate eta ikastolaren arteko lankidetzak ezinbesteko garrantzia du euskararen transmisioa bermatzeko. Guztion ardura da euskara bizirik mantentzea, ez hitzetan soilik, baizik eta etxean, kalean eta lagunartean, egunero eta naturaltasunez erabiliz.

Konplexuak badira ere, hiru erronka hauek ez gaituzte amore ematera behartzen; indartu egiten gaituzte. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet urte osoan zehar ikastola hau bizirik mantentzen duten guztiei: ikasle, familia, langile eta laguntzaileei. Zuen inplikazioari esker egiten dugu aurrera, egunero. Guztion artean eraikitzen dugulako gure ikastola, eta guztion artean egingo dugulako bide berria.

Eskerrik asko
 


Aitor Bengoa Ansa
 Uzturpe Ikastolako Zuzendaria

Hitzaurrea