Pasar al contenido principal
2015/10/08

Eskualdeko baserritik, eskualdeko lapikoetara zuzenean

 

Elduaingo Allanegi baserriko produktu ekologikoak, Uzturpe ikastolan dastatzen dituzte; iazko ikasturtean jarri zuten martxan proiektua eta "gustura" daude emaitzekin.

 

Bertakoa, garaikoa, osasuntsua, ekologikoa. Horiek dira ekolapiko proiektuak barnebiltzen dituen ezaugarrietako batzuk. 2007an abiatutako proiektu bat da, eta aurreko ikasturtean gure eskualdera iritsi zena. Horrela, elikagai ekologikoak eta osasuntsuak  Elduaingo Allanegi baserria eta Ibarrako Uzturpe ikastola lotu ditu, eta hartu-emaneko zubi bat osatu dute. Ekolapiko proiektua bertan behera geratu da ikasturte honetan laguntza faltagatik. ENEEK hartu du proiektua, Nekazaritza Ekologikoaren Sustapen Planaren (FOPE) barruan. Proiektuaren ardatza mantentzeko asmoa badute ere, zer bide hartuko duen erabakitzeko hausnarketa prozesuan daude, baina sentsibilizazio lanekin jarraitzen dute. Proiektuan eten bat egon arren, Uzturpek eta Allanegi baserriak iaz abian jarritako hartu-emanarekin jarraitzen dute.

Ekolapiko proiektuak «bertako baserrietako garaiko elikagai ekologikoekin, elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzea» zuen eta du helburu, Josune Romo arduradunetako batek azaldu duenez. Gainera, Romok argitu duenez «sukalde propioa duten haurreskola eta ikastetxeekin» egiten dute lan. Hain zuzen ere, «sukaldeko langileak dira proiektuko giltzarrietako bat» Romoren esanetan. Eurak elikadura hezitzaileekin batera, «menuak orekatzen» dituzte ikastetxe bakoitzaren «errealitatera» egokituz. Proiektua hasieran, Donostiako hiru haurtzaindegitan jarri zen martxan, nahiz eta bederatzi zentrotara zabaldu zen. Tartean, Ibarrako Uzturpe ikastola. 

Janari ekologikoa jangelan

Uzturpen proiektua oraindik nahiko berria dela esan daitekeen arren, ikastolan bertan sukaldaria dutenez, «hasieratik herriko eta inguruko produktuak kontsumitzeko ardura» hartu zuten: «barazkiak, fruituak, haragia, esnekiak...». Kalitatean «beste pausu bat» emateko asmoz sartu ziren, ordea, proiektuan eta «pixkanaka» euren otorduetan janari ekologikoak sartu zituzten. Honela, gaur egun kontsumitzen dituzten barazki, fruitu, lekale, pasta eta bestelakoak «gehienak ekologikoak» izaten dira. 

Gainera, iaz Elduaingo Allanegi baserrian Eneko Imaz nekazariak ekoizten dituen barazkiak dastatzen hasi ziren, eta aurten «elkarlanean» hasi dira eta «maiztasun handiagoarekin» hasi dira bere produktuak dastatzen. 

Eskualdeko ekoizlea

Eskualdeko ekoizle eta ikastolaren arteko lotura ez da kasualitate hutsa izan.  Romok azaldu digunez «ekoizle eta ikastetxeen arteko salerosketa zuzenak» sustatzen ditu proiektuak: «Konfiantzazko harremanak izateaz gain, bitartekariak ekiditen ditugu salneurri duinak lortuz». Irizpide horiek kontutan hartuta ez zen oso zaila izan, Allanegi eta Uzturperen arteko lotura egitea. Eneko Imaz nekazariak azaldu duenez bera Uzturpeko gurasoa izan arren, proiektuan parte hartzeko proposamena Biolurretik etorri zitzaion. Biolur Gipuzkoan kokatuta dagoen nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren aldeko elkartea da, ekolapiko proiektua martxan jarri zuena. 

Imaz Biolurreko kide da barazki ekologikoak lantzen hasi zenetik: «Mundu honetan pixkana sartzean, elkartearen berri izan nuen». Elkarteko bazkide egin zen, eta eurengandik «aholkularitza eta laguntza», baita alde teknikoari dagozkion zenbait kontutan ere. 

Hain zuzen ere, ekolapikoren irizpideak nekazaritza ekologikoan erabiltzen diren berdinak direla dio Imazek. Aipatu bezala, ikastetxeak euren eskualdetik hornitzen dituzte, «hurbiltasuna» da irizpidea. Salbuespenak salbuespen eskualdeko produktuak eta ekologikoak dira ikastolan dastatzen dituztenak.

Truke positiboa

Proiektuari esker, eskualdeko nekazari batek eta ikastetxe batek truke harreman bat jarri dute martxan. Bientzat eta proiektuan barneratzen diren guztientzat positiboa den trukea da, gainera. 

Allanegi baserriko Imazek aitortzen du proiektu honetan parte hartzea, berarentzat «garrantzitsua» dela. Izan ere, Ibarran martxan dagoen kontsumo taldeko ekoizlea da bera, baina egiten duen lana «osatzeko» modua ikusten du proiektu honekin. Gainera, badaki honek epe luzerako berme bat ematen diola bere lanean jarraitu ahal izateko. Kontsumo taldean «jendea sartu edo atera daiteke», eta azkenean nekazariaren «ardura» dela uste du taldea mantentzea. Ikastolarekin ere ardura beregain hartzen badu ere, proiektuan sartzen diren ikastetxeek helburua eta proiektua «argi» dituztenez, «epe luzerako bezero» sortzen dituela uste du.

Halaber, Iker Gibelaldek, Uzturpeko zuzendariak, ere truke honen balorazio «ezin hobea» egiten du. Kalitatea izan da eta da euren jangelako ezaugarria: « Segurtasunez esan dezakegu kalitatea gure jangelaren ezaugarria izan dela beti eta elikagai ekologikoak gure menuan sartzen hasi ginenetik beste aurrerapauso bat eman dugu». Horregatik, aurrera begira ere «zalantzarik gabe» proiektuan parte hartzen jarraitzeko asmoa du.

Allanegi baserria ezagutzera

Ekolapiko proiektuaren helburua ez da soilik produktu ekologikoak txertatzea eta menuetan aldaketak egitea, «sentsibilizazio ekintza desberdinak burutzen dituzte» Josune Romoren esanetan, eta egun ENEEK ere horretan jarraitzen du. Horretarako antolatzen dituzte, esaterako, baserrietako bisitak: «Modu honetan, umeek jaten dituzten produktuak nondik datozen zuzenean ikus ditzakete».

Gauzak honela, Elduaingo Allanegi baserrira bisita antolatzea erabaki zuten Uzturpen. Pasa den larunbatean izan zen bisita, eta guztiek disfrutatu zuten parajeaz eta baserrian burututako ekintzez. 
Hiru orduko bisitaz  gozatzeko aukera izan zuten Uzturpeko ikasle eta gurasoek. Bertan Eneko Imaz izan zuten gidari. Gainera, haurrentzako landaketa tailerra izan zuten. Lanak amaitutakoan, berriz, hamaiketakoaz gozatzeko aukera izan zuten. Eta nola ez guzti honekin nekazaritzari, ekologiari eta baserri munduari buruz gehiago ikasi, eta harremanak estutu zituzten.

Portadako irudia

Azken albisteak

2023-06-01
Elikadura burujabetza, euskara eta auzolana korapilatu eta sustatzea da Errigoraren helburu nagusia, eta irailetik aurrera Uzturpeko jantokira bertako arroza, olioa, piperrak edota tomatea eakarriko dituzte, besteak beste.
2023-06-01
Tras tres años de interrupción, una vez más hemos tenido la oportunidad de celebrar Uzturpeguna. Desde aquí también queremos daros las gracias a todos los que os acercasteis a celebrar con nosotros este día tan especial....
2023-06-01
Los alumnos de LH4, hicimos una escapada de dos días al albergue Txurruka de Orio. Allí vivíamos momentos inmejorables juntos y tuvimos la oportunidad de ir conociéndonos más. Todas las fotos aquí.
2023-05-16
Los días 10 y 11 de mayo se celebraron en Alsasua los encuentros PIZTU JAKINMINA. Los encuentros de este año han tenido lugar bajo el paraguas del juego de palabras ko-laborantza, donde varias ikastolas nos han contado su...