LANGILEEN FORMAZIOA
Prestakuntza etengabea da kalitatezko hezkuntza bermatzeko giltzarria. Aurten ere hainbat prestakuntza-saio eta esperientzia aberasgarri izan ditugu, hausnarketa pedagogikoa eta gaitasun berrien garapena bultzatuz.
Ikasturtean zehar, bisita pedagogikoak egin ditugu beste ikastola batzuetara; hala nola, San Fermin eta Arizmendi ikastoletan izan gara, Hik Hasiko aholkularitza prozesuaren baitan, DBHko esperientziak ezagutzeko. Horrez gain, Hik Hasik antolatutako bidaia pedagogikoan parte hartu dugu, Estoniako hezkuntza-sistemaren antolaketa eta berrikuntza-prozesuak zuzenean ezagutzeko.
Era berean, "Hezitzaileen arteko harremanak" (Konfekoop) saioan parte hartu dugu, zaintza emozionala eta lankideen arteko harreman osasuntsuak lantzeko asmoz. Horri lotuta, buru osasunari buruzko NURA jardunaldietan ere izan gara, familiekin batera.
Nerabeekin maskulinitatearen inguruan lan egitearen erronkak aztertzeko, bizipen-tailer batean parte hartu dugu, non estrategiak eta baliabide pedagogikoak partekatu genituen. Aniztasunaren ikuspegitik, Naizen elkarteak antolatutako Nazioarteko Biltzarrean ere izan gara, haur eta gazte transexualen errealitatea ahalik eta hobekien ezagutu eta gure hezkuntza proiektua hobetzeko helburuarekin.
Urtero bezala, asteburu pedagogikoa ere burutu dugu. Elkarrekin egon, partekatu, hausnartu, ikasi eta gozatzeko aukera izan dugu. Larunbat goizean lan saio emankorra egin genuen, adimen artifizialaren inguruan; arratsaldean, berriz, Urdazubiko kobazuloak bisitatu genituen, gure ondarea ezagutzen jarraituz. Igandean, Herri Urratsen parte hartu genuen, Elgarrekin euskararen eta Ipar Euskal Herriko ikastolen alde. Topaketa hau urtero ospatzen dugu, elkarrekiko loturak indartu eta ikastolaren balioetan sakontzen jarraitzeko indargune bezala azpimarratuz.
Beste urte batez, Ikastolen Elkarteak antolatutako prestakuntza eskaintza zabala baliatu dugu gure jarduna hobetzen jarraitzeko. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako erreferente mintegietan, arduradun pedagogikoen mintegian, eta orientazio, zuzendaritza eta administrazio mintegietan parte hartu dugu. Mintegi horiek eraldaketa eta hausnarketa pedagogikoan bidelagun izan ditugu, eta gure hezkuntza-praktika etengabe berrikusteko eta hobetzeko aukera eman digute, Euskal Herriko beste 114 ikastolekin batera.
Ikastolen Elkarteak antolatutako 28. Jardunaldi Pedagogikoetan izan ginen Zuzendaritzako kideak. Jardunaldi horietan, Ikastolen Marko Orokorrean definitutako pertsona eredua izan zen ardatz, eta bost bereizgarrietatik bitan sakondu genuen: barne-sendotasuna eta erabakitzaile-ekintzailea.
Halaber, EHIk antolatutako “Piztu jakinmina” jardunaldi pedagogikoetan ere parte hartu genuen, pertsona-ereduaren bi bereizgarriekin lotura duten praktika arrakastatsuak ezagutzeko aukera izan genuen, beste ikastola batzuen esperientzietatik ikasiz. Guk ere gure ekarpena egin genuen: DBHko Pentsamendu Autonomo eta Kritikoko ikasleek aurrera eraman zuten marrazketa filosofikoko esperientzia partekatuz.
Bestalde, EHIren baitan antolatutako beste mintegi eta ikastaro askotan ere parte hartu dugu. Hainbat esparrutako prestakuntza jaso dugu: hizkuntzak (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez), hezkidetza, ikaskuntza kooperatiboa, ebaluazio eredu berriak, IKT aplikazioak, pentsamendu konputazionala, adimen artifiziala, eta diziplina arteko lanketa. Era berean, Gizarte Zientzietako eta Matematika arloko berrikuntzak, Alexia eta Google Workspace inguruko trebakuntza teknikoa, eta STEAM arloko formakuntza espezifikoa (3D inprimaketa, Arduino, Scratch, Microbit…) landu ditugu.
Horrez gain, Berritzeguneak eta Hezkuntza Sailak eskainitako prestakuntzetan ere parte hartu dugu, aniztasunari eta hezkuntza inklusiboari lotutako hainbat arlotan. Bizikidetza eta hezkidetza lantzeko mintegian aritu gara, baita irakasle aholkularien eta pedagogia terapeutikoko irakasleen mintegietan ere. Adimen gaitasun handien inguruko hainbat prestakuntza jaso ditugu, sentsibilizazioa, detekzio espezifikoa eta esku-hartzea landuz. Horretaz gain, ikastolako gune seguru eta babesleak eraikitzeko hausnarketa-prozesuetan parte hartu dugu, eta telefono mugikor eta erloju adimentsuen erabilera arautzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako jardunaldietan ere izan gara.
Prestakuntza guzti hauen bidez, ikasleen beharrizanetara hobeto egokitzen den praktika pedagogikoa eraikitzen ari gara, eta komunitate hezitzaile gisa hazten jarraitzen dugu.
