Skip to main content

IKASLEEN FORMAZIOA

 

Ikasleen hezkuntza aberasteko asmoz, formazio eta jarduera osagarrien eskaintza zabala izan dugu, irteeren programa osatu eta aberastuz, 2024-2025 ikasturtean zehar. Jarduera hauek esperientzian eta eguneroko bizipenean oinarritu dira, ikasleen konpetentzia pertsonal eta sozialak garatzeko helburuarekin.

 

Haur Hezkuntza (HH) eta Lehen Hezkuntza (LH):

HH ikasleek familien laguntzarekin tailerrak egiten jarraitzen dute, esperientzia aberasgarriak biziz. Etxekoen parte hartzeak ikastola eta etxearen arteko loturak sendotzen laguntzen du. Tailer hauetan, ipuinak entzun, familien lanbideak eta zaletasun ezberdinak ezagutu eta berauen inguruan ikasi eta esperimentatzeko aukera izaten dute. Esperientzia hauek ezagutza eta sormena sustatzeaz gain, elkarrekin une bereziak  bizitzea ere ahalbidetzen diete.

HH eta LHko ikasleek TINKOren eskutik euskarazko zinema emanaldiak jaso dituzte, ikus-entzunezkoen bidez hizkuntza eta kultura lantzeko aukera paregabea izan delarik. Halaber, Inmakulada Lanbide Heziketako ikasleekin elkarlanean aritu gara: aurpegi margoketa eta ileapaindegi tailerrak antolatu dituzte, oinarrizko lanbide heziketako ikasleek gure HH eta LH 1-2-3ko ikasleentzat bai gure ikastolan eta beraien ikasgeletan ere, adin ezberdinetako bi ikastoletako ikasleen arteko harremana eta esperientzia aberastuz.

HH3koek "Gabonak eta kontsumoa" tailerra izan dute, kontzientzia soziala lantzeko helburarekin. LH 1-3ko ikasleek Gure Zirkura joateko aukera izan dute, bertan sormena eta gorputzaren espresioa lantzeko aukera izanez.  LH 1, 2 eta 3 mailetako ikasleek igeriketa ikastaroa izan dute; igeri ikasteaz gain, primeran pasa dute. LH4koek, berriz, besteak beste bide heziketaren inguruko formazioa jaso dute baita herri kirolak eta pentatloia gelan lantzearekin batera,   gelan ikasitakoa errealitatera ekartzeko asmoz bisita berezi eta aberasgarriak jaso zituzten, hala nola: , eta horretarako, bisita oso berezi eta aberasgarriak jaso dituzte. Besteren artean, Migel Angel Sukunza txingalari eta sokatiralari ohia, Lur Errandonea harri jasotzaile ohia, Oihana Fernandez De Barrena aizkolaria, eta Andoni Irurtetagoeina "Izeta" herri kirolari eta pentatloilaria izan dira ikastolan.

LH6koek, berriz, Ni zu bezala programaren baitako formazioa jaso dute, UEMAren eskutik ‘Bagoaz’ tailerrean parte hartu dute, euskararen inguruan kontzientzia hartu eta euskaldun gisa ahalduntzeko helburuarekin. Horretaz gain, Ataria irratikoekin aritu dira grabaketa lanetan, Euskararen egunerako prestatutako Hizkuntza Biografiak ikasleen ahotsetik jasoz.

Ibarrako Bizi Nahi Elkartea eta Garagunekoekin elkarlanean aritu gara bai LHn zein DBHn ere, ekintza ezberdinak partekatuz elkarrekin ikasi eta elkar aberasteko helburuz.

Irudia
Guraso tailerrak

 

Irudia
IM

 

Bigarren Hezkuntza (DBH):

DBHko ikasleek hainbat formazio jaso dituzte ikasturtean zehar, eta agenda betea izan dugu. Urtero bezala, Joseba Larratxeren eskutik Komiki Tailerra izan dugu, ondoren herriko Galtzakomik lehiaketan parte hartzeko. ACABE elkartearen hitzaldia jaso zuten elikadura nahasmenduen inguruan DBH1ekoek, eta baita Gerta Dakizuke programaren baitako formazioa ere.

DBH1ekoek, halaber, Wikipediak eskainitako formazioa jaso zuten, bertan euren testuak argitaratzeko eta gure proiektuetan txertatzeko. Maila berean, gazteengan suizidioa prebenitzeko ZIUR programa pilotuaren formazioa jasotzen hasi dira, gure gazteen ongizatea bermatzen jarraitzeko asmoz. DBH1 eta DBH3koek Gure Zirkura joan eta bertako kideekin jarduerak egiteko aukera izan dute, esperientzia oso positiboa izanik.

DBH2koek Joseviskyren bisita jaso dute komikigintza lantzeko, eta Agenda 30 programaren barruan, erlezain baten bisita ere jaso dute ingurumenaren zaintza lantzeko.

DBH3 eta DBH4ko ikasleek Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia jaso dituzte bisitan, sormena eta irudimena pizteko helburuarekin. Azkenik, Osakidetzako hiru erizainen bisita jaso dute tabakoaren arriskuez hausnartzeko asmoz.

 

Irudia
Gure Zirkua