Skip to main content

BIZIKIDETZA

Elkarbizitza, elkarrekin bizitzea eta lan egitea da, elkar ulertuz eta errespetatuz, NI izateari zertxobait uko eginez eta ZUgan eta besteengan gehiago pentsatuz.

Bizikidetza taldekook, esku hartzea bateratu eta protokoloa zehazten jarraitu dugu, agertu zaizkigun kasuei ahalik eta azkarren eutsi, esku hartu eta gurasoekin harremanetan jarriz.

Bizikidetza batzordean, LH4tik-DBH4rainoko ikasle ordezkariak daude. Urtean zehar bilerak egin eta ekintzak antolatzea dute helburu eta ikasturte honetan, beraien protagonismoa areagotzeko saiakera berezia egin da. Elkartasun ekintza bakoitza antolatzen hasi aurretik, beraiekin bildu eta ideiak jaso dira, bakoitzak bere gelatik ekarritako ekarpenekin. Guztiak aztertu ondoren, ekimen bateratu bat osatu da, ordezkarien artean funtzioak banatuz. Honako hauek izan dira antolatu diren elkartasun ekintzak:

 

Urtarrilean, “Tolosaldea Sahararekin” elkarterako janaria eta eskola materiala bildu genituen. Beste behin ere argi geratu zen ikastolako  komunitateak ekimen honekin duen konpromezua, 168 kg bilduz.

 

Martxoan, XIV. Elkartasun kilometroa ospatu genuen, Donamartiriko Arberoa ikastolako ikasleen alde. 2024ko urrian ikastolako eraikinetako bat sutearen ondorioz erre zenez, birgaitze lanetarako laguntza ekonomikoa eskaintzea izan zen helburuetako bat. Ekintzak bere fruituak eman zituen eta alde batetik, 1370,18 euro lortu ziren eraikinaren birgaitze lanetarako eta bestalde, zenbakitan neurtu ezin daitekeen esperientzia bizitzeko aukera izan genuen. Beraiek gure ikastola, herria eta ekimena ezagutzeko aukera izan zuten, gure ikasleekin batera, Elkartasun Kilometroan parte hartuz, herria ezagutzeko ekintzak burutuz eta ikastolan bertan lo eginez. Guretzat ere oso aberasgarria izan zen beraien errealitatea eta egoera zailetara egokitzeko duten gaitasuna gertutik ezagutzea.  Pozarren hartu zuten  gure ekarpena eta izandako bizipenerako aukera.  

 

Beste ikasturte batez, Dbh 2tik 4rako ikasle bolondresekin, Ikasle Zirkuluak ere antolatu ditugu. Bere funtzioa, berdinen arteko laguntza-eredu bat sustatzea da. Horretarako, lehendabizi, ikasturte hasieran, bizikidetza taldeko kideen eskutik, formazio saio bat eskaini zitzaien. Ondoren, hilean behin biltzen saiatu gara, gelan, patioan eta etxera bidean gertatu diren gatazken berri jasotzeko, hauen inguruko hausnarketa saioak burutuz eta  irtenbide desberdinak aurkitzen saiatuz.

 

2024ko maiatzaren 16an Bakean Bizitzeko Nazioarteko Eguna zenez, Bizikidetza postontzia jartzeaz gain, posta elektroniko bat sortu genuen. Ordutik, bertan, askatasunez eta intimitatea mantenduz, bizikidetzaren inguruko kezkak eta iradokizunak idazteko aukera dugu guztiok.

 

Irudia
Elkartasun Kilometroa