Batzar Orokorra
Batzar Orokorra, bazkideek osatuta, borondate soziala adierazten duen organo gorena da, indarreko legeriak egozten dizkioten gai guztietan.
Batzar Orokorraren erabakiek bazkide guztiak behartzen dituzte. Organo honen konpetentziek arlo pedagogikoa, ekonomikoa eta administratiboa hartzen dituzte. Arlo pedagogikoari dagokionez, ikasturteko plangintzari oniritzia ematen zaio eta ekonomikoan, berriz, aurreko ikasturteko emaitzak azaldu eta urte horretako aurrekontua onartzen ditu.
Batzar Orokorra, ohikoa edo apartekoa izan daitekeena, Errektore Kontseiluak deituko du. Ohiko Batzar Orokorra urtean behin deitzen da. Aparteko Batzar Orokorra edozein momentutan bil daiteke Errektore Kontseiluaren ekimenez edota boto guztien %20 gutxienez biltzen duten bazkideen eskariz. Batzar Orokorraren buru Errektore Kontseiluko lehendakaria izango da.
Errektore Kontseilua (EK)
Errektore Kontseilua Kooperatiba gobernatu, kudeatu eta ordezkatzeko organoa da; Batzar Orokorra funtzionamendu organoetara hurbiltzen duena. Batzar Orokorraren menpe dago zuzenean. Zuzendariak aurkeztutako eta ikastolaren eguneroko jarduerari dagozkion beste hainbat gairi buruz erabakiak hartzen ditu.
Bere arduradun eta erantzule nagusia Lehendakaria da, aldi berean, Ikastolako lehendakari eta arduradun nagusia delarik. Honekin batera lehendakariorde, idazkari eta diruzain karguak daude bertan.
Guraso eta irakaslez osatua egongo da. 15 kide titularrek osatuko dute (2 ordezkoak direlarik); Errektore Kontseiluko kideak, titularrak eta ordezkoak, bazkideen artean aukeratuko dira. 15 kide horietatik, 12 bazkide erabiltzaileak (gurasoak) eta 3 bazkide laguntzaileak (irakasleak) osatuko dute.
Bilerak hilean behin edota, gai puntualak aztertzeko, egoerak eskatzen duenetan egiten dira. Bileretarako deia lehendakariak edo zuzendaritzak egingo du.
Geletako Familia Ordezkariak (GFO)
Geletako familia eta zuzendaritza taldeko kide batez osaturiko taldea da. Familien parte hartzea sustatzea, bere iritziak kontutan hartzea eta ikastolaren inguruko ezagutza areagotzea da talde honen helburua.
Familia ordezkariak, 2 urtetarako aukeratzen dira. Urtero taldearen erdia berritzen da. Parekidetasuna zainduz, bazkideen artean aukeratzen dira, Haur hezkuntzan 2 eta 4 urteko haurren geletako guraso ordezkariak eta Lehen Hezkuntzan 1., 3. eta 5. mailetakoak eta DBH 1. eta 3. mailetakoak.
Bilerak hilean behin edota, gai puntualak aztertzeko, egoerak eskatzen duenetan egiten dira.
Zuzendaritza Talde Orokorra (ZTO)
Ikastolaren funtzionamendua, gestioa eta arlo pedagogikoaren erantzukizuna duen organo kolektiboa da. Pedagogiaren ekintza bidea eta erabili behar den metodologiaren nondik norakoa zehazten ditu.
Ikastolak eskaintzen dituen beste zerbitzuak kudeatzen ditu: goiz txokoa, ludoteka, guraso eskola, jangela, garraioa eta eskolaz kanpoko ekintzak.
Zuzendariak, hiru koordinatzaileek (HH, LH, DBH), Pedagogia arduradunak eta Administrazioa arduradunak osatzen dute talde hau.
Zuzendaritza Pedagogiko Iraunkorra (ZPI)
Ikasturte honetan sortutako talde berri bat da.
Guztionak diren gaiak, guztion artean adosteko, lan talde guztiek besteen berri izateko eta ahots gehiago izango dituen erabakigunea izateko. Bertan zuzendaritza talde orokorra, lan talde buruak eta errektore kontseiluko kide batek parte hartzen du. Etapetan, pedagogia eta kudeaketa lanak banatu eta lan taldeetako erreferenteak etapetan indartu eta ardurak banatuz.