DBH
Urrun dagoela badirudi ere, aurtengoan hamaika ekintza eta irteera gauzatu ditugu Ikastolako ikasle zaharrenekin. Urtero bezala, kurtsoa hasi bezain pronto, ikasle eta irakasle guztiok irteera bat egin genuen Altzo eta Belabietako ingurura. Harreman berriak sortu eta zaharrak berreskuratzea genuen helburu. DBH1ekoek Maria Cueto artistaren erakusketa ikusi eta Donostiara egin zuten irteera irailean.
Jarraian, Etxarrira eta Aritzalekuko kanpinera joan ginen gaua pasatzera ikasleekin. Bertan, talde kohesioa lantzeaz gain, irakasleekin harreman motaren berri emateko aukera ere izan genuen.
DBH1 eta DBH2ko ikasleekin, Billabonan burutu zen Bertso Idatzien txapelketara joan ginen. Aldi berean DBH3 eta DBH4ko ikasleekin lan munduaren orientazioa lantzeko hainbat irteera burutu ditugu: alde batetik, Tolosara jaitsi gara DBH3ko ikasleekin, Lanbide Heziketako azoka ezagutzera. DBH4koekin, hainbat irteera egin ditugu, besteak beste, Inmakulada Ikastolara eta Tolosaldea Lanbide Heziketa eskolara.
Frantseseko ikasleekin Bordelera ere egin genuen irteera, kurtsoan zehar ikasitakoa praktikan jartzeko. Oso bidaia polita izan zen.
Gainera, urte osoan zehar, OFEko irakasgaian ere zenbait irteera egin dituzte, hala nola, eskalada, igerilekua edota arraun egitera. Are gehiago, DBH4ko ikasleek “Ibarra Martxan” egitasmoan parte hartu dute, eta horrela, Garaguneko erabiltzaileekin eta adin nagusiko jendearekin paseatu egin dute Ibarrako lurretan zehar. Laster, Eureka Zientzia Museora egingo dute irteera elkarrekin.
Ekaina bertan dagoenez, kurtso amaierako irteerak ditugu aurretik: eskalada, piragua, surfa eta izotz-patinaia egitera joango dira ikasleak. Azken egunean Beasaingo igerilekura ere joango gara.