Euskararen erabilerak «jaitsiera» izan du azken urteetan Ibarran
Maier Ugartemendia 2016-04-27 18:24 EUSKARA IBARRA
Udalak egindako kale neurketa baten arabera %50,2ak erabiltzen du euskaraz ahozkoan eta kalean, 2007ko datuak baino 6,5 puntu gutxiagok; beherakada horri «aurre egiteko» neurriak hartuko ditu udalak eta horretarako Euskararen Mahaia jarri du martxan
Euskararen erabileraren inguruko neurketa bat egin du Ibarrako Udalak, Siadeco enpresari esker. Ibarrako kaleetako ahozko elkarrizketa eta komunikazioetan euskararen presentzia-maila zenbaterainokoa den jakiteko, toki publikoetan hizkuntzaren erabilera erreala neurtu dute. Hala ere, datuak hotzean aztertu beharrean, herritarrek duten pertzepzioa ere jaso nahi izan dute, eta horretaz arduratu dira Uzturpe ikastolako ikasleak.
Euskararen erabileraren inguruko galdeketa egin dute ikasleek herriko arlo ezberdinetan, eta gaurko agerraldian bildutako datuen berri eman dute; datuak bilduta hainbat proposamen ere egin dituzte.
Komertzio eta tabernetako langileen artean galdetuta, erabilera handia dela uste dute bai bezero eta baita langileen artean ere. Lehenengo hitza euskaraz egiten dutela, eta komertzioetan «gehien» entzuten den hizkuntza euskara dela esan diete. Emaitzen aurrean, ikasleen proposamena Nik euskaraz kanpaina egitea da. Horren arabera, lehen hitza euskaraz egiteko edo prentsa euskaraz erosteko eskaerak egiten diete komertzioei. Azkenik, aipatu komertzioetan euskararen erabilerarekiko duten pertzepzioa %61ekoa dela.
Hirugarren adinekoen artean egindako galdeketaren arabera, aitona-amonen «gehiengoak» euskara erabiltzen dute edo erabiltzen saiatzen dira familiakoekin: «Ez dutenek egiten euskaraz ez dakitelako da». Ezagutzen ez duten jendearekin lehen hitza, berriz, %50k euskaraz egiten dutela azaldu diete. Aztertutakoaren ondoren, hirugarren adineko pertsonak «sentsibilizatu» beharra ikusten dute gazteek, eta erretirodunen etxean euskara ikasteko klaseak jartzea proposatzen dute, eurek «gogoa» adierazi baitiete.
Ikasleen artean egindako galdeketaren arabera, %96,7ak klasean euskaraz hitz egiten duela adierazi diete. Ama hizkuntzan, jolaslekuan eta etxean ere euskara da presentzia gehien duen hizkuntza. Aldiz, datu horiek aldatu egiten dira literaturaren eta telebistaren arloan, gaztelania nagusi baita. Ikasleek euskararen erabileraren inguruan duten pertzepzioa %70ekoa da. Guztia kontutan hartuta, urtean zehar euskararen inguruko ekimen «gehiago» egitea, euskararen komunikabideen erabilera «areagotzeko» kanpaina bat egitea, euskal literatura «bultzatzea» eta euskararen «sentsibilizazio» tailerra egitea proposatzen dituzte. Azkenik, inguruan gaztelaniaz hitz egiten duen pertsonaren batekin topo eginez gero, horren aurka egin beharrean «zergatia» galdetzea proposatzen dute.
KALE NEURKETAKO DATUAK
|
2015 |
2007 |
||||
Gertaera kopurua |
% |
Pertsona kopurua |
% |
Pertsona kopurua |
% |
|
Ahozko komunikazioak |
1.300 |
100 |
3.489 |
100 |
1.991 |
100 |
Euskaraz |
635 |
48,80 |
1.751 |
50,20 |
1.133 |
56,90 |
Gaztelaniaz |
616 |
47,40 |
1.614 |
46,30 |
858 |
43,10 |
Besteak |
49 |
3,80 |
124 |
3,60 |
|
|
Udalak euskararen erabileraren inguruko «jakin-nahia» asetzeko, 2015eko udaberrian kale neurketa bat egin zuen. Tomas Ugaldebere, euskara teknikariak, azaldutakoaren arabera, bi datu hartu dituzte kontuan: «Taldeko elkarrizketa hizkuntza eta norbanakoaren hizkuntza». Lau adin talde bereizi dituzte (haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak), hizketa taldeetan haurrik ba ote zegoen «kontutan hartu» dute, eta herriko bi zonaldeetan egin dituzte bi orduko sei ikerketa.
Ibarran neurtutako euskararen erabileraren datuen arabera, herritarren %50,2k, erabiltzen du euskara ahozko komunikazioan, «erdiak baino pixka bat gehiagok». 2007ko datuekin alderatuta «6,5 puntuko jaitsiera» izan du euskararen erabilerak». Gainera, jaitsiera «adin tarte guztietan» atzeman da. Ugaldebereren esanetan, kontutan hartu behar da «zortzi urtetan» ez dela kale neurketarik egin, eta hortaz, ezin esan daitekeela «datu propioekin euskarak atzerakada izan duenik». Horrelako baieztapen bat egiteko «neurketa gehiago» behar direla dio. Hala ere, atzerakada hori «gelditzeko neurriak» hartu beharko dituztela uste du.
Erabilerari dagokionez, 15 urte artekoen artean atzeman da «erabilera-indize handiena», eta adinean gora egin ahala erabilera-indizeak «behera» egiten du. Gainera, neurketan ikusi ahal izan dute haurrak tarteko daudenean euskararen erabilerak «gorantz» egiten duela. Horren erakusle, esaterako, ostiral arratsaldetan «haurrak tarteko direnean» euskararen erabilera «nagusi» izatea eta aldiz larunbat arratsaldetan erabilera aldetik daturik «baxuena» izatea.
«BADAKIGU, ERABIL DEZAGUN»
Uzturpe ikastolako ikasleek egindako lana «eskertu» nahi izan du Jexux Peñagarikanok, Ibarrako Udaleko zinegotziak; bere ustean ikasleek kontzientzia hartzeko «baliagarria» da.
Aurrera begira, kale neurketako datu hauek beste neurketa batzuekin «konparatu» beharko dituztela dio Peñagarikanok. Baina, «zain» ezin egon daitekeela, eta gaia lantzeko «martxan» jarri direla dio. Bide horretan Euskararen Mahaia martxan jarri dute herriko eragile ezberdinekin, eta maiatzean egingo dute jada bigarren bilera.
Bide horretan, erabileraren beherakadari «aurre egiteko» beste leku batzuetan martxan jarritako ekimenak aztertzen ari dira jada, eta datorren urteari begira «neurri batzuk» abiatuko dituztela dio, erabilerari «ez eutsi, baizik eta gorantz joateko». Hau da, helburua argi du Peñagarikanok: «Agintaldi amaierarako erabilera areagotzea eta lehen genituen zenbakietatik gora egotea erabilera aldetik».
Hori herritar guztien egin beharra dela eta mezu bat helarazi nahi du: «Badakigu, erabil dezagun».