Skip to main content
2021/03/07

Badira bi edo hiru  aste inguru Gipuzkoako Hitzan “Gipuzkoako baso eskolen” mapa ikusi, inguruko herriak bertan ikusi eta Ibarra bertan agertu behar ote zuen hitz egiten hasi ginetenik. Zerk ezberdintzen ditu eskola hauek eta Uzturpen egiten ditugun naturguneetarako irteerek? 

Azken hilabeteetan maiz irakurtzen ditugu sare sozialetan edo/eta aldizkari ezberdinetan ikastetxe ezberdinek eraikin barruko ikasgeletatik kanpo martxan jarri dituzten egitasmoak. Pozez bizi ditugu, eskola orduetan, barruko espazioetatik kanpora martxan jartzen diren proiektuak: haurrei jolasteko, ukitzeko, probatzeko, ikertzeko,… aukerak zabaltzen zaizkiela sinetsiz hezkuntza munduan zerbait mugitzen ari dela uste dugulako. 

Baina zer da baso-eskola edo zer ulertzen dugu baso eskola moduan? 
Baso eskola naturan garatzen den hezkuntza eredua da. 
Danimarkan sortu zen 50. hamarkadan eta gerora herrialde ezberdinetara zabaltzen joan dena. Espainiar estatutan 2015ean zabaldu ziren hezkuntzak homologatutako lehenak. 
Hasierako eredu haietan bada ezaugarri amankomun bat:  ikasturte osoan, egunero, aire librean eskaintzen den hezkuntza eredua da; ez dago ikasgelarik, instalaziorik, libururik, ezta jostailurik ere.  Eta... ez dugu horrelako eskaintzarik gurean, nahiz eta bat egiten dugun baso-eskola izateko nahitaezko diren beste zenbait ezaugarrirekin: errespetuzko tratua, behar eta erritmoen errespetua, jolas librea...

Haurra gaitasunez beteriko pertsona dela sinesten dugu gurean eta hauen garapen osasuntsua bermatu nahian garrantzia handia ematen diegu ikastolan eskaintzen diezkiegun testuinguaren ezaugarriei. 

Haurren beharrei erantzute asmoz duela 6 urte inguru, urteetako ibilbide baten ondorioz,  ikastolako Haur Hezkuntzan barne espazioen eta materialen aldaketa burutu genuen, helduon buruko paretak bota eta haurrenganako begirada aldatzearekin bat, gure eskuartzeetan aldaketa burutu ondoren. 

Badira urteak jolasean, ekintzan, oinarritutako ikaskuntzaren hautua egin genuela ikastolan: haurrak ukitu, probatu, erabili, ikertu egin behar duelako bizitzen ari den mundua ulertu eta kudeatzen ikasteko. 

Zortez Uzturpe Ikastola naturaz inguratua dugu eta ez dugu inolako oztoporik taldean inguru hauetaz gozatu ahal izateko.   

Inguruetara irteerak asteko ordutegietan txertatuak ditugu urte batzuetatik hona,  badira urteak, ikastolako eremutik kanpo ditugun naturguneak baliatzen ditugula, haurren erritmoak errespetatuz, autonomia bultzatuz eta harremanak aberastuz, haurren mugimendu nahiak asetu eta bere ezagutza eta esperientziak aberasteko.  

Argi izan dugu eta ikusi dugu beti, geletan eskaintzen saiatzen garen aukera eta materialen ezaugarri asko eta asko naturak berak berez eskaintzen dizkigula: jolas sinbolikorako, esperimentaziorako, mugimendurako, errepresentaziorako, lasai egoteko, harremanetarako aukerak eskaintzen dizkigu naturak, ikaskuntza-ingurune aberatsa da natura! Material irekiak topatzen ditugu bertan, funtzio eta helburu zehatzik gabe, funtzio eta helburu ezberdin asko eman edo eskaintzen dizkigutenak eta genero-desberdintasunez ulertzen ez duten materialak dira gainera. 

Urteetako esperientzia eta egindako behaketek esaten digute haurren gaitasunen garapen osasuntsurako, gure proiektuaren helburuen garapenerako, izan nahi dugun pertsona ereduaren garapenerako, naturguneek edo/eta bertan topa ditzakegun elementuek,  aukera handiak eskaintzen dizkigutela. Irteera hauetan duten mugimendu askatasunak, sormenerako bidean, hizkuntzaren garapenean, harremanetan, elkarlanean, emozioen kudeaketan, jakinminean duen eragin oso positiboa da!  

Hau dela, Uzturpen, eraikinetik atera eta  kanpoan egiten dugun eskaintza geroz eta handiagoa da, egunak eta maiztasunak handitzen joan gara, adinez nagusiagoekin ere kanpora irteten gara eta arlo honetan hezitzaileen formazioan ere sakontzen ari gara.   Familien elkarlanari esker, aurtengoan, orain 2 ikasturte 2 urteko geletan egindako eskaera zabalduz, 3-6 adin tartean ere beharrezko zaizkigun katiuskak eta xirak ditugu ikastolan!!!  Horrela, eguraldi euritsu edo/eta kanpokaldea bustita dagoenean ere, esperientzia hauez gozatzeko aukera izaten ari gara! 

Beraz bai... Uzturpen badugu basoetan, naturguneetan, kanpo espazioan ikasteko aukera! 

Uzturpe Ikastolako Haur Hezkuntzako taldea


 

Portadako irudia

Azken albisteak

2024-04-25
UZTURPEGUNA 2024 Zirkua oinarri hartuta, maiatzaren 11, zoragarri bat igarotzeko egitarau oso bat prestatu dugu ikastolatik. Jaialdia, ikuskizunak, bazkaria, dantzaldia... luze bat. 
2024-04-18
  HAUR HEZKUNTZATIK AUTONOMIA LANTZEN “Benetan lagundu nahi banauzu… ez egin nire bidea: utzi nirea egiten,
2024-04-18
LUDOPATIA: INFORMATU ETA ERABAKI Ikasle autonomoak sortzeko gure ahaleginean, nerabeen bizitzan garrantsitsuak izan daitezkeen gaiak jorratzen diardugu.
2024-04-18
Ikastolako kanpo espazioan joan den otsailean erori zen horma zatiaren ondorioz, konponketa lanak hasi ziren aste santuetako oporraldi garaian. Udalak, gertaturikoa eta hormaren egoera teknikari ezberdinekin aztertu ondoren…