Skip to main content
2016/04/13

«Azken hamar urteotan ikusi dudan iraultza bakarra da Siriako kurduena»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016-04-13 08:56   POLITIKA  TOLOSA

'Udaberri arabiarra: liluratik etsipenera' hitzaldia eskainiko du, gaur, 19:30etik aurrera, kultur etxean, EH Bilduk antolatuta; Siriako kurduek harturiko bidea eredugarritzat du, eta hori izango du, besteak beste, hizpide.

|  Ikusi handiago |  Argazki originala

Bidaiari senaren sokak nazioarteko erreportari lana ekarri zion, eta urteak daramatza, jada, hara eta hona, munduko hainbat txokotako gatazken ahotsari bozgorailuak jarriz. Gaur iluntzean Tolosan ariko da, 19:30ean, EH Bilduk antolaturiko hitzaldi zikloaren barruan. Udaberri arabiarra, liluratik etsipenera izenburupean, kultur etxean egin dute hitzordua.

Freelance moduan aritzen zara, batez ere, Ekialde Hurbileko gatazken berri ematen. Nolatan?
Nahigabe izan zen. Izatez bidaiaria nintzen, motxilarekin batera eta bestera ibiltzen nintzen. Eta, halako batean, hainbat bidaia egin ostean, zerbait idatzi nahi nuela pentsatu nuen. Lehendabiziko saiaketa Argian izan zen, eta berehala konturatu nintzen askoz ere interesgarriagoak zirela nik bisitaturiko herrialdeetako jendearen bizipenak, nireak baino. Horrela, kazeta-lanari duela hamabi urte inguru ekin nion, Argian, Garan eta Berrian ere bai, eta ingelesez ere bai atzerriko komunikabideekin. Halako batean, hobby-a ogibide bilakatu zen.

Beste zenbait kazetarik plazaratzen ez dituzten errealitateei lekua ematen diezu. Zaila al da mainstream-aren bidetik ateratzea?
Horretarako hori argitaratu nahi duten komunikabideak behar dituzu. Euskal Herrian oso hedabide aproposak ditugu horretarako, hain zuzen, lehen aipaturikoak, eta atzerrian ere badira. Bilatzea eta aurkitzea da sekretua.

Hala ere, herritarren gehiengoak komunikabide handien masak eskaintzen duen informazioa jasotzen du, batez ere. Aipatuko zenuke, bide horretan, ia ahanzturan geratu den gatazkarik? 
Hainbeste daude... Irak kasu, nahiz eta azken urteotan, ISIS dela eta, egunkarien azaletara iritsi den. Afganistan, zer esanik ez, erabat ahaztuta daukagu. Bide beretik, Ertamerikako edo Afrikako gatazkak. Kongon edo Afrika Erdiko Errepublikan, adibidez, gatazkak puri-purian daude, baina ezer gutxi dakigu horiez. Esango nuke egun munduan dauden gatazka gehienak ahaztuta edo baztertuta daudela.

Nolakoa da gerra kazetari baten egunerokoa?
Esan nahi nuke nire burua ez dudala gerra kazetaritzat, erreportaritzat baizik; etiketa hori ez dut sekula gustuko izan. Funtsean, han hemen bezala lan egiten dut: kaleko jendearengana jo, haiekin hitz egin eta istorioak jaso. Aldatzen dena testuingurua da, hangoa konplexua delako: hainbatetan, arriskutsuagoa eta deserosoagoa. Baina lan egiteko era berbera da Zizurkilen edo Kabulen egonda; azken finean, behar duzuna kalera jo eta istorioak jasotzea da.

Jendea prest izaten da bere bizipenak kontatzeko? 
Nahaste handia dago, eta tokian tokiko azterketa egin beharko litzateke. Adibidez, Libian, jendeak beso-zabalik hartzen gintuen, esku-hartze bat izan zelako. Sirian, berriz, egoera asko aldatu da: hasieran kazetari andana zegoen, baina, ez dute ezer lortu, eta bertakoek ez diote etekinik ateratzen kazetari bat han egoteari.

Tolosan udaberri arabiarra izango duzu hizpide, eta liluratik etsipenera dio izenburuak. Zer dela eta?
Lilura, funtsean, Siriako kurduen iraultzaz hitz egingo dudalako; azken hamar urteotan gertu-gertutik ikusi dudan iraultza bakarra da eurena. Mugimendu armatu asko ikusi ditut, eta baita altxamenduak ere, baina, esan bezala, iraultza bakarra ikusi dut, Siriako kurduena. Eta etsipena, berriz, udaberri arabiarra porrot hutsa izan delako, eta hasierako itxaropen hura galdu egin delako.

Zein da kurduen egoera?
Lau herrialdetan banatuta daude: Sirian, Turkian, Iraken eta Iranen. Siriako kurduak lau milioi baino ez dira, baina munduko kurdu guztiak Siriara begira daude, bertan Ekialde Hurbileko mapa eraldatzen ari delako. Autonomia bat lortu dute Sirian, eta gerrako hirugarren alternatiba bilakatu dira. Ez dira ez gobernuarekin ez oposizioarekin lerratu, eta horrek guztien aurka borrokatu behar izatea eragin die; baita Turkiaren eta ISISen kontra ere. Hala eta guztiz ere, martxan jarri dute Ekialde Hurbil osoko proiektu demokratiko bakarra izango dena, Giza Eskubideen aldeko apustu sendo bat. Mendebaldeko Saharatik hasi eta Ekialdeko Balutxistanera bitarteko gatazka guztiak jarraitu ditut, eta kurduengan ikusi dut Giza Eskubideen aldeko diskurtso bakarra.

Eredugarri izan litekeena?
Bai. Niretzat oasi bat da, hortik kanpoko guztia islamismoa edo arabiar nazionalismoa delako.

Mendebaldean ia egunero hitz egiten da Estatu Islamikoaz, baina, akaso, haren inguruan datu gehiegirik izan gabe. Jesus Torquemadak musulman xiiten eta suniten arteko gerra zibiltzat jo zuen gaztaka, Tolosako mintegian; ados zaude baieztapen horrekin?
Hein batean ados nago, baina, bestalde, uste dut arrazoibide hori instrumentalizatzen ari dela; egoera desitxuratzeko narratiba bat dela uste dut. Musulmanak musulmanen kontra borrokatzen ari direla saltzen digute, xiiten eta suniten artean; baina sunitak sunitekin ere borrokatzen dira. Egungo mapa geopolitikoari begiratzen baldin badiogu, jabetuko gara Ekialde Hurbilean aliatu nagusiak Israel eta Saudi Arabia direla. Ustez, oso herrialde desberdinak dira elkarren artean, baina agenda berbera dute. Oso konplexua da, eta bertako agintariak uste baino pragmatikoagoak dira. Jakina erlijioa jendea mobilizatzeko erabiltzen dutela, etekin propioen mesederako, baina arazoaren muina hor soilik kokatzea erretorika sinplista samarra da.

Portadako irudia

Azken albisteak

2024-11-26
Uzturpe ikastolako LH6.mailako ikasleek, UEMArekin elkarlanean eginiko Euskara ikasarloko proiektuaren baitan, bakoitzaren Hizkuntza Biografia sortu dute.
2024-11-26
Azken hilabeteetan, Haur Hezkuntzako hezitzaileok argazki-album pertsonalizatuak sortu ditugu, bertan, gure interesak, zaletasunak eta definitzen gaituzten alderdiak bilduz. Album horiek, lehenik eta behin, irakasle taldean…
2024-11-26
Elkarlanean aritzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, horregatik, hona hemen hamaiketako jasangarri bat aurrera eramateko hainbat ideia.
2024-11-13
LH 1 eta LH 2ko ikasleak Orion LH 1. eta 2. mailako ikasleak Orioko Txurruka aterpetxean egon dira 2 egun polit igaroz.