Skip to main content
2015/04/17

Uzturpeko eta Bordeleko eskola bateko ikasleek elkartrukea egin dute. 

Akitaniako Bordeleren ondoan dagoen Langon herria ezagutzeko aukera izan dute Ibarrako Uzturpe ikastolako DBH bigarren eta hirugarren mailako ikasleek. Bigarren urtez egin dute elkartrukea Uzturpe ikastolako eta Bordeleko eskola bateko ikasleek; iaz Uzturpeko DBHko lehen eta bigarren mailakoak joan ziren Langonera, eta aurten, bigarren eta hirugarren mailakoak. Ibartarrak martxoko azken astean izan ziren bertan, eta hango ikasleak aste hau eman dute hemen. 13 eta 15 urte arteko 22 ikasle daude Ibarran. 


Elkartrukea Maider Salaberria irakaslearen proposamenez jaio zen. «Ingeleseko irakaslea naiz eta frantsesa ere ematen dut, baina Ingalaterrarekin elkartrukea egitea oso zaila da. Iaz Ikastolen Elkartetik email bat jaso nuen Bordelen elkartrukea egiteko eskola bila ari zirela esanaz, eta ez nuen gehiegi pentsatu, udara zen, eta erantzun egin nien. Erantzuna jaso eta irailean bertan jarri nintzen hango irakasle batekin harremanetan». 

Elkartrukearen helburua ez da  Uzturpeko ikasleek frantsesa eta Bordelekoek gaztelania praktikatzea bakarrik, eguneroko bizitza ikusteko ere oso garrantzitsua dela dio Salaberriak; «zein ordutan jaikitzen diren, nola gosaltzen duten, zein ohitura dituzten... ikusi ahal dute, egonaldiak ikasleen familietan egiten baitituzte. Frantzian etxeetan denbora gehiago ematen dutela ikusten dute, esaterako. Gure ikasleek bestela ezagutuko ez lituzketen lekuak ezagutzeko aukera ere izan dute. Eta beraien adin inguruko beste neska-mutil batzuk ezagutzea ere hizkuntza ikasteko motibatzen die». 

Uzturpeko irakasleak Axun Bengoetxea irakaslearen laguntza izaten ari da elkartrukea bideratzeko, biak joan izan dira hara, eta handik ere bi irakasle etorri dira: Elisabeth Leconte eta Deborah Daguinos. Leconteren ustez ere esperientzia erabat positiboa da: «Hizkuntzaren praktikotasuna ikusteko oso baliagarria da, eskoletan zerbait abstraktua bezala ikusten dute gaztelania, ez diela ezer zehatzetarako 
balio uste dute, baina hemen egunerokotasunean erabiltzen dute».

Ikasle gehienek esperientzia errepikatu dute aurten, eta aurre begira ere errepikatu nahi dutela diote. Urte honetan gazteek harremana mantendu dute email eta telefono bidez eta aurten Ibarrako festetara joateko asmoa ere agertu dute. «Gogoa geneukan iaz ezagututako lagunak berriz ere ikusteko, oso gustura gaude hemen», esan du Astrid Couthures ikasleak.

 

 

Portadako irudia

Azken albisteak

2024-11-26
Uzturpe ikastolako LH6.mailako ikasleek, UEMArekin elkarlanean eginiko Euskara ikasarloko proiektuaren baitan, bakoitzaren Hizkuntza Biografia sortu dute.
2024-11-26
Azken hilabeteetan, Haur Hezkuntzako hezitzaileok argazki-album pertsonalizatuak sortu ditugu, bertan, gure interesak, zaletasunak eta definitzen gaituzten alderdiak bilduz. Album horiek, lehenik eta behin, irakasle taldean…
2024-11-26
Elkarlanean aritzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, horregatik, hona hemen hamaiketako jasangarri bat aurrera eramateko hainbat ideia.
2024-11-13
LH 1 eta LH 2ko ikasleak Orion LH 1. eta 2. mailako ikasleak Orioko Txurruka aterpetxean egon dira 2 egun polit igaroz.