Pasar al contenido principal

                                        

 

Hirurogeigarren hamarkadaren bukaera aldera euskararen aldeko mugimendu indartsua zegoen Euskal Herrian. Euskal gizarteak bizi zuen itxaropena epelduko zuen oztoporik ez zegoen garai gogor haietan. Hasiera hartan baliabide urri eta administrazioaren aldetik traba besterik ez izan arren, gizarte euskalduntzeko aurrerapausu garrantzitsuak eman ziren. Giro bero honetan sortu ziren Euskal Herriko ikastola ugari eta, nola ez, Ibarrakoak ere 1970ean eman zituen bere lehen urratsak.

Lehendabiziko gelak elizaren ondoan jarri ziren eta ikastolako lehenego andereñoa Bittori Olaetxea izan zen, makina bat oztopo izan zuen inspektorearen aldetik, ikastolaren legeztapena zela eta.

Haur guztiak mailaz maila mahaika antolatuta jartzen zituen gela batean, baina 1974ean haur gehiegi zirela eta, Roxario Lizarralde laguntzaile lanetan aritu zen.

1975ean bi gela zeuden eta Patri Zabala hasi zen lanean. 1976ean gela bat Zumen jarri zen eta Maite Olangua izan zen hurrengo andereinoa. 1977an jubilatuen azpiko gelak prestatu ziren.

Ikastolaren euskal senak eta pedagogiak Ibarrako herrian harrera bikaina izan zuen eta ordudanik ikastolaren sendotze bilakaera etengabea izan da.

1976 URTEA

Zume etxeko behe solairuan beste gela bat zabaldu zen, Eskolaurreko hiru mailak osatuz.

1977 URTEA

Ibai Gaineko gelak prestatu ziren eta OHOko 1. maila martxan jarri zen. Hiru ikasturtetan OHOko gelak lokal hauetan egon ziren.

1980 URTEA

OHOko mailak eraiki berria zen Egiko ikastetxera etorri ginen Eskola Publikoarekin batera.

1981 URTEA

Eskola Publikoak erabiltzen zituen plazako geletan Eskolaurre osoa bildu genuen.

1984 URTEA

Lehenengo promozioak OHOko 8. maila amaitu zuen.

1990 URTEA

Plazan Udaletxea eraiki behar zenez, Eskolaurreko gelak San Inazio auzora pasa genituen.

1992 URTEA

Batzar orokor batean ikastolako Hezkuntza Proiektua onartu zenBatzar orokor batean ikastolako Hezkuntza Proiektua onartu zen.

1993 URTEA

Batzar orokor batean Irakaskuntzako sare pribatuan jarraitzea erabaki zen.

1994 URTEA

Haur Hezkuntzako taldeak Egira etorri ziren eta autobusa eta jangela zabaldu ziren.

1995 URTEA

Ikastolaren 25. urteurrena ospatu zen.

1997 URTEA

DBH martxan jarri genuen.

1998 URTEA

Kilometroak antolatu genituen Anoeta, Irura eta Tolosako ikastolekin batera.

1999 URTEA

Eurogap enpresak merkatu-azterketa egin zigun. Ikasle talde batek DBH4ko ikasketak amaitu zituen lehen aldiz.

2001 URTEA

Kultur Asteak antolatzen hasi ginen.

2001 URTEA

Udalarekin lankidetzan Haur Eskola eta Ludoteka zabaldu genituen.

2003 URTEA

Eleaniztasun goiztiarraren proiektua hasi genuen.

2004 URTEA

Kultur Elkarte izatetik Guraso Kooperatiba bihurtzeko erabakia hartzen du Batzar Orokorrak. Euskaliten Zilarrezko Q Saria lortzen da.

2008 URTEA

2 urteko gelak ikastolaren egitura barruan sartzen dira eta Emeterio Arreseko lokaletan hasten dira. 

2009 URTEA

Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiban sartzea erabaki du Batzar Orokorrak.