Pasar al contenido principal

 

Bizipenetatik ikasten

 

Aurten ere ekintzaz eta irteerez beteta joan zaigu ikasturtea! Urtero bezala kurtso hasi bezain pronto, Basagainera eta Anoetara joan ginen DBHko ikasle zein irakasle guztiak elkar ezagutzeko eta uda ondorengo harremana eraikitzeko. Jarraian, gaua pasatzera joan ginen Zuhatzara eta Aritzalekura. 

Bertan, hainbat ekintza burutzearekin batera, talde kohesioa lantzeko aukera izan genuen. Ondoren, Eskola Kulturaren baitan Tolosan kokatuta dagoen Gure Zirkura egin zuten irteera DBH1 eta 3ko ikasleek, eta bertan zirku tailerra egin ahal izan zuten. DBHko ikasleek Ibarra Martxan ekintzan parte hartzen dute eta Garaguneko erabiltzaileen eta Bizi Nahi elkartekoekin lanean aritzen dira urte guztian zehar; paseoak emanez, irteerak eginez edo olinpiadak antolatuz. 

DBH2ko ikasleek, San Telmo museora egin zuten  irteera Ipuscoa 1000 erakusketa ikustera eta Urdaibai Biosfera ikustera ere joan ziren apirila amaieran. DBH 3 mailakoek Miñan antzerkia ikusteko beta izan zuten Leidorren liburuaren lanketa egin ondoren eta laugarren mailakoek orientazioaren baitan hainbat irteera ere egin dituzte; Tolosaldea Lanbide Heziketa ezagutzera, Fraisorora, Inmakuladara edota Lemu enpresara.

Kurtsoa bukatzeko, ekaina gainera etorri bezala urteroko kirol ekintza daukagu: eskalada, surfa, piragua... probatzeko aukera izan dute ikasleek. Frantseseko ikasleek ere Hendaiara irteera egin dute eta azken egunean Beasaineko igerilekura egingo da irteera kurtsoa bukatu dugula ospatzeko.

 

Irudia
Gure Zirkua

 

Irudia
Aritzaleku