PEDAGOGIA TALDEA
Uzturpe Ikastolan, hezkuntza ulertzeko eta egiteko modua etengabe berrikusten eta hobetzen jarraitzen dugu. Aspaldi hasi genuen hausnarketa - eta hobekuntza- bidea, eta aurten, Hik Hasi hezkuntza egitasmoarekin batera, beste urrats bat ematen hasi gara.
2024-2025 ikasturte honetan gure proiektu pedagogikoa hobetzen jarraitzeko prozesuan urratsak ematen jarraitu dugu, horretarako, iaz talde eragile bat sortu genuen eta hasierako diagnostikoa egin, gure egoera eta erronkak argitzeko. Prozesua planifikatutako egutegi baten arabera garatu da: 11 saio Hik Hasi-ko dinamizatzaileekin eta 5 barne-saio talde eragilearekin, klaustro osoaren parte-hartzearekin.
Saio hauetan, gure eguneroko lana berrikusten aritu gara: ikasleen eta irakasleen ezaugarriak eta interesak aztertzen, gure praktikak eta egiturak lantzen, eta curriculumarekin eta ikasleen irteera-profilarekin lotutako gaiak berrikusten.
Hainbat arlo jorratu eta praktikara eraman ditugu: irakasleen arteko elkarlana, feedback kultura eta gogoeta, ikasleen ongizatea eta ikaskuntzan eragiten duten esku-hartzeak. Era berean, ikasleei laguntzeko estrategiak eta bidelaguntza motak aztertu eta garatzen ari gara, ikuspegi pertsonalizatu eta inklusibotik abiatuta. Prozesuan bildutakoa dokumentatu dugu, aurrera begirako erabakietan oinarri izango den txostena osatuz.
Bidea ez da beti erraza, baina helburu argi dugu: ikasleen garapena eta ongizatea erdigunean jarrita, hezkuntza esanguratsua eta kalitatezkoa eskaintzea. Etengabeko hobekuntza ez da helmuga bat, baizik eta izateko eta jarduteko modua. Uzturpen, bide horretan jarraitzen dugu, elkarrekin ikasiz eta etengabe hobetzeko nahiarekin.
