MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN ASTEA
Europa osoan irailaren 16tik 22ra ospatzen da Mugikortasun Jasangarriaren Astea. Mugikortasun jasangarria energia gutxiago eta ingurumen inpaktu txikiagoa sorrarazten duen mugitzeko modua da eta aurtengo leloarekin “Partekatuz gero, urrutiago iritsiko gara” Europar Komisioak mugikortasun garbia, partekatua eta inteligentea sustatu nahi du, autoaren erabilera partekatuz.
Tolosaldeako udalek aste honetan jarduerak hauek antolatu dituzte Mugikortasun Jasangarriaren alde aldarrikapena egiteko, Ibarran esaterako:
- Uzturpe Ikastolako ikasleak irailaren 21an, goizez, oinez egingo dute ikastolako joan-etorria. Horretarako HH eta LH 1-4ko haur guztiak irakasleekin plazan topatuko dira (baita autobusez joaten direnak ere), eta bertatik oinez joango dira guztiak elkarrekin.
- Datorren ostiralean, irailak 21, arratsaldez, Tolosa eta Ibarra arteko Bizibira ospatuko da. Ibarrako eta Tolosako ikastetxeak lotuko dituen bizikleta bira egingo da, ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatzeko asmoz.
Irteera 16:30 Ibarrako plazatik. 17:00 Samaniego 17:10 Herrikide 17:20 Laskorain 17:30 Zumardi haundia.
Zumardi haundian merendola eta festa bat egingo dira, umeentzako jolasekin. Puzgarriak eta joko desberdinak egongo dira.
HERRITAR GUZTIAK GONBIDATU NAHI ZAITUZTEGU BIZIBIRA HONETAN PARTE-HARTZERA. ZATOZTE!!!
KOTXERIK GABEKO EGUNA
Datorren irailaren 22an, kotxerik gabeko nazioarteko eguna ospatzen da. Hori dela eta, Uzturpe ikastolak kotxerik gabeko eguna antolatu du irailaren 21ean, ostirala.
Horretarako egun honetan HHko eta LHko ikasleak plazan elkartuko gara eta irakasleen laguntzarekin oinez igoko gara. Ekintza hau aurrera eraman ahal izateko, gure eguneroko antolaketan aldaketa hauek emango dira:
- Ikastolara igotzeko, HHko lehenengo txandako ikasleak (Elduain, Belauntza, Leaburu, Apatta eta Euskal Herria) betiko orduan hartuko dute autobusa eta plazaraino gerturatuko dira. Bertan ikasle bakoitzaren irakaslea zain izango dute.
- Bigarren txandakoek (Azkue eta Plaza) ez dute autobus zerbitzurik izango eta plazan elkartuko dira bere irakaslearekin.
- LH 1-4ko ikasleak plazan elkartuko dira bere irakaslearekin.
- Plazan elkartzeko ordua 8:50 izango da. Denak biltzen garenean, bederatziak aldera, abiatuko gara oinez ikastolara.
- Etxerako bueltan, HHko ikasleak 13:00etan plazan jaso beharko dira eta autobusa hartu behar dutenak (San Ignazio eta Apattakoak) plazan hartuko dute. LHko haur guztiak 13:00etan ikastolatik aterako dira eta irakasleekin jaitsiko dira plazara.
Kontuan izan egun horretan ikastolarako bidea itxita egongo dela eta ezingo dela kotxez igo.
Azkenik, 2 urteko gurasoei gonbidapena luzatzen diegu ekintza honetan parte hartzera eta egun honetan kotxea etxean uztea.
Eskerrik asko ekintza honetan parte hartzeagatik.
OHARRA: eguraldi txarra izanez gero, 3 urteko haurrak autobusez igo eta jaitsiko dira ikastolara.