Euskararen Erabilera Sustatzeko Dekalogoa

 EUSKARAZ BIZI PROIEKTUA 

Uzturpe Ikastolako sorrera-helburua euskara eta euskal kulturaren transmisioa eta sustapena dira. Areago, Uzturpeko ikaslearen irteera-profileko ezaugarrietako bat euskaldun euskaltzalea izatea da. Hortaz, horretan saiatzen gara bai gelan baita gelaz kanpo ere. Baina azkenaldian, zoritxarrez, gazteleraren presentzia asko areagotu da gure ikastolan eta, horrez gain, kalitatean ere atzera pausuak eman direla nabaritu dugu. 

Proiektu honen helburu nagusia ikastolako partaide guztiengan, ikasle, langile eta gurasoengan euskararen erabilera sustatu eta eragitea da. Helburua partaide guztien artean euskara normaltasunez erabiltzea da. Horretarako plangintza zehatzak bultzatzen ditu proiektu honek. Irakasle eta langile guztiok konpromiso argia hartzen dugu proiektu honen alde eragiteko, baita dagozkigun arloetan formazioa hobetzen jarraitzeko ere. 

Gurasoen kasuan, ikasleen hizkuntza erabileran familiak duen garrantzia bereziki azpimarratu nahi dugu. Horren harira, Ikastolako Euskara Batzordeak prestatutako dekalogoa ikastolako webgunean duzuela gogorarazten dizuegu. 

Guraso euskaldunek beren artean euskara erabiliz modurik eraginkorrena dute seme-alabengan ahalik eta hizkuntza erabilera eta gaitasun onena ziurtatzeko. 

Guraso erdaldunek ere, euskararekiko interesa erakutsiz eta seme-alaben arteko euskarazko erabilerak oro har sustatuz (euskarazko komunikabideak adibidez), seme-alaben euskararen erabileran modu positibo batean eragin dezakete. Zer esanik ez euskara ikastera animatzen badira.

 

EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO DEKALOGOA

 

1. HAUSNARTU ZURE EUSKARAREKIKO MOTIBAZIOA, EZAGUTZA ETA ERABILERA ZEIN DEN.

Hizkuntza ezagutzaz gain, euskararekiko jarrerak eta erabilera ohiturak transmititu egiten dituzu. Zein balio ematen diozu euskaraz bizitzeari? Zergatik nahi duzu zure seme-alabak euskaraz bizitzea? Euskararekin gozatzen duzu? Euskaraz erdaratan bezain ongi moldatzen zara? Saiatzen zara zure euskara hobetzen? Non-noiz-norekin egiten duzu euskaraz? Euskaraz zuk baino gutxiago dakitenekin euskarari eusten diozu eta ulertzeko moduan egiten diezu? Euskara gero eta gehiago erabilita, euskaraz erosoago egiten duzu? Seme-alaben heziketan hizkuntza ere kudeatzen duzu aktiboki? 

Seme-alabengan euskararen erabileran eragin nahi baduzu, zure burua ezagutzetik abiatzea eta zuk zer egiten duzun, egin dezakezun eta egiteko prest zauden identifikatzea lehen urratsa izan daiteke.

2.  IZAN EREDU

Umeek ez dituzte aginduak maite, ereduak kopiatzen dituzte. Beraz, gurasook izan behar dugu eredu.

3.  IKASTOLA EUSKARA ERABILTZEKO GUNEA

Ikastola gune egokia da euskara erabiltzeko, baldintza egokiak ditu: ezagutza altua eta jarrera baikorra du jendeak. Askorentzat gune egoki bakarrenetakoa da euskaraz aritzeko.

4.  ERABILI EDO SAIATU

Nork bere gaitasunaren arabera erabil dezake euskara. Ulertzen duenak besteoi euskaraz egitea oztopatu gabe, zerbait dakienak euskaraz erantzun errazak emanez…

5.  LEHEN HITZA EUSKARAZ

Egunon! Agur! Zer moduz! batekin hasteak euskaldun bezala identifikatzen zaitu eta gure lehen irudia da garrantzitsuena.

6.  GUZTION ESKU

Hizkuntzaren erabilera ekintza kolektiboa da beti. Adostasunera irits gaitezke gure solaskideekin.

7.  JOERA ALDATU. GURASOEN ARTEAN, ETA GURASO TALDEETAN EUSKARAZ ARITU ETA AKTIBATU ZURE IKASKETA PROZESUA.

Gurasoek gurasoekin dituzuen hizkuntza praktikak imitatu egiten dituzte seme-alabek. Guraso Elkarteetan, gurasoen whatsapp taldeetan edota gurasoek ikastetxearekin partekatzen dituzuen espazioetan, euskararen erabilera sustatu eta adostu. Guraso izateak, euskarara gerturatzeko eta zure ikasketa prozesua abiatzeko edo aktibatzeko aukera ezin hobea irekitzen dizu. Zure seme-alabak izan daitezke ikasketa prozesu honetan bidelagun, gustatuko zaie! 

Hauts ditzagun egoera hauek: 4 euskaldun+ erdaldun bat= gaztelaniaz. Edo are larriagoa dena 4 euskaldun= gaztelaniaz.

8.  GOGOZ EKIN BIDEARI

Motibazioak, ezagutzak eta erabilerak elkar elikatzen dute. Euskara erabiltzen den lekuan ezagutza handitzen da eta ez dakitenek ikasteko motibazioa handitzen da. Baikortasuna, berriz, motorra da.

9.  URRATSEZ URRATS

Bakoitzak bere egoera eta beharren arabera ikas dezake euskara. Ez dakiena ikasten has daiteke, gutxi dakienak erabilera eta ezagutza hobetu ditzake ikastolan eta dakienak besteei lagundu diezaieke erabileran.

10. EUSKARAN MURGILDU SEME-ALABAK, BIZIPEN POSITIBO, ZORIONTSU ETA ASKOTARIKOAK BULTZATUAZ.

Gurasoek, etxean euskaraz jakin edo ez, seme-alabak euskaran murgiltzea bultzatu dezakezue. Ikastetxean, euskarazko murgiltze eredua da eraginkorrena seme-alabek euskara ikasteko eta maitatzeko eta euskaldun eleaniztunak bilakatzeko. Aisialdian, euskaratik eta euskaraz ari den kulturarekin harreman zabal eta askotarikoa jasotzeko aukera eman seme-alabei, bai eskolaz kanpoko ekintzetan eta baita udalekuetan edota herriko bizitzan ere.