Uzturpe ikastola 50 urtez Ibarrako herria euskalduntzen.

Zenbat dira 50 urte hauetan ikastolatik pasa diren ikasleak? Batzuentzat euskaraz aritzen jarraitzeko eta euskal kultura ezagutzeko gunea izan da ikastola, beste batzuentzat euskaraz aritzeko ia gune bakarra.

Zenbat ikasle ohi zarete egun guraso? Zuen seme-alabek euskara eta euskal kultura jasoko dutenaren ziurtasunez ekarri dituzue ikastolara.

Zenbat ikasle ohi zarete egun ikastolako langile? Proiektu honetan sinesten duzuelako, ikasleei egunero, euskaratik mundua ezagutzen bidelagun zareten horiek.

Hizkuntza indarberritzeko estrategiak dioenez, hizkuntza-erabileretan gakoa da kaleko hizkuntza-erabilerarena. Hizkuntzak bere etorkizuna hor jokatzen duela esan daiteke. Kalean, lagunartean, familian eta eguneroko elkarrizketa xumeetan zein toki dauka euskarak? Horrek erakusten du, hein handi batean, euskararen egoera leku jakin bakoitzean.

1993tik ia urtero hartzen dira Ibarrako kaleetako hizkuntza-erabilera datuak. Orduan, %32,9koa zen euskararen erabilera. 2019ko neurketan, aldiz, jaso den euskara erabilera %54,60koa da; alegia, kalean neurtu diren 100 hiztunetatik ia 55 entzun dira euskaraz, %43,75 gazteleraz eta %1,65 beste hizkuntza batzuetan. Emaitzak asko hobetu badira ere, tamalez, hizkuntza-neurketen emaitzen arabera badugu oraindik egitekorik.

Aurtengoan ere, ikasturtero bezala ikastolan Euskararen eguna ospatuko dugu gelaka egingo diren ekintza desberdinen bidez. Hizkuntza-neurketak egin ditugu eta erabilera emaitza orokorra %80an kokatu dugu. Hori horrela gurean ere badugu hobetzekorik.

Bide horretan Euskaraldiaren lanketa ikastolara ekarri dugu. Hamabost egunez arituko gara horretan, tartean aipatu moduan Euskararen eguna ere ospatuko dugu, baina argi dugu 50 urte hauetan egin dugun bezala 365 egun ditugula euskarari bultzada emateko.

Dena den, argi dugu guztion ahaleginari esker “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” egitea lortuko dugula. Jar dezagun guztiok gure aletxoa.