Malitik Ibarra, itsasoan barrena

Gure sukaldean dago lanean, ostalaritza praktiketan. Ia etxekoa dugu, beraz. Ladji Dignoke Malin jaio zen duela 19 urte. Azken hiruak Euskal Herrian eman ditu baina zera entzutea nahi genuen: bidaia hura nola burutu zuen. Gauza jakina da han edo hemen jaiotzea zorte kontu hutsa dela. Malin sortzekotan txirotasunari egin behar zaio aurre, bai eta gosete, lehorte, gerra eta beste hainbeste madarikazioari. Etorkizunik ote? Nekez, horrexegatik erabaki zuen Ladjik ospa egitea. Bere aitak urteak zeramatzan Frantzian lanean, Malin zuen familiari dirua bidaltzen. 16 urte zituela, Ladjik aita ikusi ahal izateko bisa eskatu zuen, baina burokrazia maltzurrak bertan-behera bota zituen bere planak. Hegazkin batera igo ezinik, patera bat zuen gazteak bidaiatzeko modu bakarra. Antza, tarifak ez dira makalak: 1500 euro eskatzen dituzte giza-trafikatzaileek pertsona bakoitzeko. Ladji zortzi aldiz saiatu zen Marokotik itsasoratzen, baina beti zegoen lurrean bueltan; itsas-poliziek harrapatuta ala, besterik gabe, itsaso zakarrak hondartzara eramanda. Bederatzigarrenean lortu zuen Almeriara iristea: han hiru egun eman eta Euskal Herrirantz jo zuen gazteak. Sukaldaria izan nahi du eta, agian, Euskal Herrian geldituko dela dio. Oraindik ez daki. Planak egitea ez da erraza 16 urterekin itsasoari aurre egin behar izan dion mutil batentzat. Gure 16 urtekoek, alabaina, biziki eskertu diote bisita.